GARA
DONOSTIA

Fernando Postigok bere argazki bilduma eman dio San Telmori

Fernando Postigok 1980. eta 2000. urteen artean ateratako 14.000 argazkiren negatiboak eman dizkio dohaintzan Donostiari San Telmo museoaren bidez. Argazki horiek Donostiako eta Gipuzkoako politika, gizarte eta kirol gaiak jorratzen dituzte nagusiki.

Fernando Postigo fotokazetariak bere argazki bildumaren zati bat eman dio dohaintzan Donostiari San Telmo museoaren bidez. Bilduma 1980. eta 2000. urteen artean ateratako 14.000 argazki ingururen 35 mm-ko negatiboez osatua dago. 1980. eta 1991. urteen artean ateratako 7.000 argazki inguruk eta 1991tik 2000ra hartutako beste horrenbestek osatzen dute bilduma eta, lehen urte tartekoak txuri-beltzean hartutakoak eta bigarren epekoak koloretan ateratakoak dira.

San Telmotik zehaztu dutenez, Postigok Nikon markako tresneriarekin egiten zuen lan, garaiko objektibo eta teknologiak erabilita. «Tresneria eta urte haietako lan egiteko era hori –enkarguzko erreportajeak, argazkilaritza zuzena, gertukoa– garai bateko ikur dira, egungoekin alderatuta oso ezberdinak», esan dute. Fotokazetaritzaren alorrean hartutako irudiak dira nagusiki eta, hala, gehienek politika eta gizarte gaiak islatzen dituztela ere zehaztu dute, besteak beste, manifestazioak, liskarrak, hiletak, bahiketak, grebak, ekitaldi ofizialak eta inaugurazioak. Horiez gain, ordea, badira kirola, aisialdia eta kultura gaiak erakusten dituzten argazkiak ere. Azken horien artean, inauterietan, kontzertuetan eta Donostiako Zinemaldian ateratakoak daudela zehaztu dute San Telmotik.

Nagusiki Donostian hartutako irudiak badira ere, Gipuzkoako beste zenbait herritan –Hernani, Errenteria, Irun edo Hondarribia tartean– egindakoak ere badaudela nabarmendu dute, eta bilduman Nafarroan, Ipar Euskal Herrian eta Bizkaian hartutako zenbait ere badaudela gaineratu dute. «Argazki gehienek tokiko izaera dute, baina, bildumak muga horiek gainditzen ditu ukitzen dituzten gaiak oraintsuko gure historia gatazkatsuaren ingurukoak direlako», nabarmendu dute San Telmotik.

Era berean, gogora ekarri dute Fernando Postigo 1940ko azaroaren 15ean jaio zela Donostian eta haurtzaroa Grosen pasatu zuela, Usandizaga kaleko lehen atarian. Hamar urtez Ameriketako Estatu Batuetan bizi eta lan egin zuen. 1977an “La Voz de España”-rentzat hasi zen lanean eta 1978an “Diario Vasco”-rentzat. Azken egunkari horretan aritu zen lanean 1995ean erretiroa hartu zuen arte.

Aztertu ostean Gordailura

San Telmoko arduradunen iritziz, Postigok emandako bilduma «balio handikoa da, argazki bidez euskal gizartearen asalduzko garaia islatzen delako, Donostian eta Gipuzkoan erabakigarria, eta iragana hobeto ezagutzeko tresna delako. Ezinbestekoa, euskal gizartearen bilakaera jasotzeko helburua duen museo batentzako».

Gauzak horrela, museoko ordezkariek azaldu dute «bilduma hau hartu, aztertu eta ezagutzera emateko konpromisoa» hartu dutela beren gain. «Bilduma hau hartzearekin, museoak ondarea aberasteko bidean pauso bat gehiago eman du, museoaren esentzian baitago euskal gizartearen bilakaera eta izaera islatzen duen ondarea bildu, balioan jarri eta zabaltzea gizartearen eskura jartzeko», zehaztu dute.

Zentzu horretan, argazki bilduma Gordailun (Gipuzkoako Ondare Zentroan) gorde eta kontserbatuko dutela ere iragarri dute. Horretarako, ordea, aurretik lan batzuk egin behar dituztela ere nabarmendu dute: lehenik, negatiboak erregistratu, digitalizatu eta deskribatuko dituzte, eta ostean gordeko dute Gordailun, Gipuzkoako Aldundiko eta San Telmo museoko bilduma arkeologikoak gorde eta kudeatzen diren zentroan alegia. «Museoko gainerako bildumekin egiten den bezala, bilduma honetako piezak euren euskarri, formatu eta ezaugarrietara egokitutako edukiontzietan gordeko dira Gordailuko biltegietan, materialaren kontserbazio onena bermatzeko baldintza klimatiko egokia kontrolatuz», ziurtatu dute.