HARRI-JASOTZEARI HAIZE BERRIA EKARRI DIO ELIAS PEREZ HONDURASTARRAK
Elias Perez hondurastarrak harriak jasotzeari ekin dio. Beste herrialde batzuetakoak ari dira herri kiroletan, baina zailagoa da hiru garrantzitsuenetan, aizkoran, segan edo harriak jasotzen ikustea, baina Perez gustura ari da Mendizabal III.aren eta Goenatxo II.aren babesean.

Elias Perez hondurastarra Azpeitian bizi da, eta han ekin dio harriak jasotzeari. Martin Mendizabalen lagun handia da. Mendizabal harriak jasotzen aritzen denez, hura ikusiz berari ere probatzeko gogoa egin, eta lanari ekin omen zion. Orain ez omen da damutzen, eta aurrera egiteko gogoz dago.
«Orain dela lau urte Azpeitian, Elkartasun Egun batean, egin zuen bere aurreneko plaza, baina gero utzita egon da. Azkeneko urte hau darama serio entrenatuz», azaldu digu Martin Mendizabalek, Mendizabal I.a harri-jasotzaile ohiaren semeak. «Nik hemen mutil galant askok ikusi ditut harriekin probatzera etorri, eta indarraren poderioz jasotzen harria, baina oso trakets. Honi hasieratik ikusten zitzaion abilezia, oso trebea da», erantsi du Martinek. Mendizabalekin berarekin eta Gonetaxo II.arekin ari da entrenatzen kirolari hondurastarra.
«Ni Azpeitira etorri eta ezagutu nuen aurrenetakoa izan zen Martin, eta bera harriak jasotzen ikusten nuenez, niri ere probatzeko tentazioa etorri zitzaidan, eta probatu egin nuen. Gustatzen zait bai harriak jasotzea, eta bai lagunartea», dio. Izan ere, Goenatxo II.enarekin ari dira bai Goenatxo III.a, bai Mendizabal bera, baita ere Lizarralde eta Aranburu ere, eta haiekin oso gustura aurkitzen omen da Elias.
Mendizabalek Perezen alderik onenak eta txarrenak ere aztertu nahi izan ditu. «Abilezia ikaragarria dauka. Ez da mutil handia, baina bai indar askokoa, eta gerriekin ere lan bikaina egiten du. Harri guztiekin moldatzen da ongi, eta inoiz ez du atzera egiten. Esana ere entzuten duen horietakoa da, eta hori oso garrantzitsua da kirolean. Alde txarra bere lasaitasuna da. Beraien bizimoldea horrelakoa da, oso patxadosoak dira, eta erlojuz kontra ari zarenean horrek ez du balio», esan du harri-jasotzaile azpeitiarrak.
Datorren denboraldiari begira, Harri Txikien Txapelketan ateratzeko bultzatu nahi omen dute. «Berak Harri Txikien Txapelketan erabiltzen dituzten harri horiek denak jasotzen ditu, eta uste dugu han atera beharko lukeela. Horretan saiatu behar dugu», dio Mendizabalek. «Ikusiko dugu. Oraindik denbora badago, eta lanean jarraituko dut, eta gauzak doazen arabera erabakiko dugu», esan du zuhur Eliasek berak.
Harri klase guztiak altxatzen ditu hondurastarrak, baina normala den moduan, batzuk besteak baino gogokoago ditu. «Niretzat harririk gustukoena errektangularra da, oso ongi moldatzen naiz berarekin. Okerren kubikorekin moldatzen naiz. Jasotzen dut, baina harri oso zaila da», azaldu du Perezek.
Aurrera
Etorkizunean ere harriak jasotzen jarraitu nahi duen zalantzarik ez dauka. «Jende ona daukat alboan, eta horiei eskerrak eman besterik ez daukat. Nik lanean jarraituko dut. Gustura aritzen naiz, eta deitzen didaten herrietara joango naiz. Gero, gustatuko litzaidake kiloak gehitzen joatea. Hori izaten da denon ametsa», adierazi du amerikarrak.
Elias Perez, Goenatxo II.aren taldean bat gehiago da, eta denak hor dabiltza jo eta su lanean. Kubikoa zailena izan arren, 100 eta 125 kilokoak jasotzen ditu bizkarrera. Berak horretan jarraitu nahi omen du, kiloak gehitzen. Maisua primerakoa dauka, laguntzeko jendea ere gogoz dauka, eta aurrera egin nahi badu, ez du laguntza faltarik izango, Goenatxo II.a, Mendizabal III.a eta gainerako taldea alboan izango baitu.
«Hondurasen harriak hormak egiteko bakarrik erabiltzen dira»
Hondurasen, Elias Perezen herrialdean, harritu antzean hartzen omen dute hemen zertan jarduten den aipatzean. «Han harriak hormak egiteko erabiltzen dira, eta eskuekin ere asko erabiltzen dituzte, baina trakets. Lanerako bakarrik erabiltzen dira han harriak. Hemen kirol bat dela esandakoan, eta nola jasotzen den erakutsitakoan, arraroa egiten zaie», azaldu digu Eliasek berak.
Orokorrean, Euskal Herrira primeran moldatu da. Euskaraz ez du hitz egiten, baina ulertu dena egiten omen du. Familia ere hemen dauka, eta bi ume txiki tartean. Haiek euskaraz ikasten omen dute eskolan, eta ondorioz haiekin batera ulertzen duen guztia hitz egiteko gai izango delakoan daude bere ingurukoak. Harri-jasotzeak ere, horretan, dudarik gabe, ikaragarri lagunduko dio, bere ingurunean euskaraz bakarrik hitz egiten baita. J.L.

«Elektronika zuzenean eskaintzeko aukera izango dugu orain»

«Gizarte aldaketa handi bat» eskatu du euskararen komunitateak

ASKE TOMA EL TESTIGO DEL HATORTXU EN ATARRABIA

Un ertzaina fue jefe de Seguridad de Osakidetza con documentación falsa
