GARA
GETXO

«Denbora» lemapean abiatuko da Getxophoto hamargarren edizioan

Hamargarrena edizio berezia izango da Getxophotorentzat. Hala iragarri zuten atzo Algortako portuan aurtengo irudia eta lema aurkezteko egin zuten prentsaurrekoan. «Irailean hamar urte beteko ditugu, hamar urte irudiari eskainita, irudia adierazteko, ezagutzarako eta gozamen estetikorako lanabes gisa ulertuta», azaldu zuten.

Aurtengo irudiaz gainera, bertan parte hartuko duten artistak ere aurkeztu zituzten: Ori Gersht, Bohnchang Koo, Anna Katharina Scheidegger, Irina Werning, Michael Wesely, Amit Shaal, Amy Friend, Matthew Pillsbury, Luce Lebart, Daesung Lee, Paperezko Erlojuak kolektiboa eta beste hainbat izango dira aurten Getxo irudiz hornituko dutenak. Horien artean egongo da ere Eulalia Abaitua lehen emakumezko argazkilariari buruzko erakusketa, Bilboko Euskal Museoarekin elkarlanean osatu dutena.

Hilabeteko epean, orotara, hogei erakusketa hartuko ditu Getxok eta horietatik gehienak espazio publikoan, «jaialdiaren ezaugarrietako bat espazio hori topagunerako, gozamenerako eta hausnarketarako espazio gisa aldarrikatzea baita».

Erakusketez gainera, tailerrak, interbentzioak, emanaldiak eta beste hainbat ekimen ere izango dira.