GARA
BIARRITZ

Musikak skatearekin eta kaleko artearekin bat egingo du Biarritzeko Festilasai jaialdian

Asteburu honetan izanen da Biarritzeko Festilasai jaialdiaren 11. edizioa, uztailaren 23 eta 24an. Skatea eta street art edo kaleko artea ohoratzen duen jaialdi honetan, ohiko kontzertuez gain, berezi egiten duen Lasai gunea eta gisakoak ere badira.

Jaialdi handiz inguratuta, Festilasaiko «gazte biarriztar menderaezin batzuek burua makurtu gabe eusten diote oraindik eta beti». Beren berezitasuna aldarrikatuz, La Negresse auzoko izaerarekin bat egiten duten Assosalai Skate Park estaliaren eta Mizanbu gaztetxearen giroan sortua da, bertako kultura eta euskara sustatzeko asmoz.

Euskal Herriko estilo oso ezberdinetako taldeak izanen dira, Polygorn, Alea Lyrique eta Django. Horiekin batera Ameriketako Estatu Batuetako punk-rock eta soula egiten duen The Bellrays izango da, baita Trinidad eta Tobagoko Anthony Joseph eta The Caribbean Roots ere.

Festilasaik publikoa ikusle hutsa baino gehiago izatea du helburu, horretarako parte hartzaile izatea sustatzen dute. Bide horretan hainbat gairen inguruko ekintzak, tailerrak, jokoak eta «beste sorpresa batzuk» prestatuko dituzte.

Adierazpen garaikideak

Kaleko artearen presentzia etengabea izanen da. Mugimendu garaikide honetako artistek beren obra edota adierazpenak kontzertuak eskaintzen diren une berean egingo dituzte. Skate lehiaketa bat izanen da “Cash for Tricks”, non salto ederrenak 400 eurorekin sarituko diren.