Julen Murgoitio
ZORROZTARRIA

0 Km, bertan hasita

Sargori. Bero sapa han-hemen azken egunotan. Beroketa globalera bero lokaletik ohitu gaitezen lagungarri. Euliak ere paparra puztuta dauzkat inguruan, hain puztuta non pisuaren pisuaz hegaz ezin eta nire larrutik arrastaka doazen. Dzast! Zihoazen! Eulixit! Beroa nonahi. Hara! Gure beheko Estatuko Kongresu hartan sapak hartuta egon ziren lehengoan hainbat jaun-andre, zer bozkatua zuten gogoratu ezinean. Ama, ama! Zer izango da beroketa globaleko Kongresuan! Baina, tira! Botoa sekretua denez normal ikusten dut nik jendeak zer boto eman duen ez jakitea. Koherentzia, gero!

Beste gauza da alzheimer politikoaren ondorioa izana, hori larriagoa litzateke. Edozelan ere, bero transgenikoa hango ganberakoa. Kontuak atera, euli bat bera ere ez! inguruan hamaika mando izanda ere! Batek daki zer botika klase botatzen duten han. Ganberako azken irudiak ikusita Marx anaien ontzi-gelakoak pasatu zaizkit buru aldetik. Demokrazia zuzena gero, gelakoa! Esku-hartze asko eta askotarikoak! Ontzi hura Titanic bazen ere …

Innobaziorik ez ganbera hartan. Bestelakoa beharko luke izan hemengo soroetan. Zero kilometroaren aldeko apustua da bestelakotasunaren abiapuntua. 0 Km. Honek daukan funtsezko arazoa zera da, 0 hori non kokatzen den, hortikxe hasten baita kontatzen. Zentzuzkoa ez dena da elikagaietan, esnetan sikiera, Hemen baina politika nagusian Han kokatzea, euren errepide guztiak hasten diren han hartan. Horrela ez dago hemen ganorazko errepide-maparik izatea. Hortaz, Elikadura Burujabetzak eskatzen ditu biak, elikagaiak eta politikagaiak, bertatik bertara ekoiztu eta lantzea. 0 hemengo sukaldeetan jarrita. Edo bestela esanda, sor-marka propioa izatea: hemengo neurriko gosea bertoko neurriko baliabideekin asetzea. Mitxelin politikoak buru-osasunaren aurkakoak baitira.