Josebe EGIA
ZIRIKAZAN

Nor ez da maitemindu izan berataz?

Izugarri poztu nau jakiteak Sigourney Weaber aktoreak jasoko duela aurtengo Donostia saria Zinemaldian. Ezta nire ama izango balitz ere! Bada, ordea, bizitzan aurrenekoz sumatu nituen hainbat sentimenduren erantzulea (eta hori ez da sekula ahazten): animaliekiko enpatia, samurtasuna eta inbidia sanoa, batetik; oinazeari zein ankerkeriak eragindako amorruari aurre egiteko grina, bestetik; eta harrotasuna, azkenik. “Gorillas in the mist” (gorilak laino artean) filma kutunenetakoa dut, auskalo zenbatetan ikusi dudan oso aspaldiko lehen aldi hartatik, eta oraindik ere biziki jariatzen zaizkit sentipen berak Weaberrek Dian Fossey zoologoaren esperientzia antzezteko erakutsi zuen nortasun irmoarekin bat eginda.

Ez zuen 80ko hamarkadako edertasun ofizialarekin –are gutxiago, Hollywoodeko plastikozko zurrun harekin– inolako zerikusirik aktore garaiak, adats ikusgarririk eta biribiltasun nabarmenik gabeak, bisaia zorrotzekoak. Ezta behar ere, itzelezko aktorea delako eta aukera eman ziotelako egin zezakeena erakusteko; paper nagusiak, elkarren artean zeharo desberdinak, bere kabuz eta talentuz defendatzeko eta ikusleen begi-ninian betiko iltzatzeko. Ez zen zinema estatubatuarreko dama liluragarri horietakoa, eta, halere, zein gizon eta emakume ez da maitemindu izan Ripley tenienteaz; nork ez du gogoan, eta miresten, Sigourney Weaberren antzezpen hura, eta beste hainbeste. Zenbat neskatilak ez ote zuten amestu, hura pantaila jaten ikusirik, egunen batean edozein motatako rol jokatzeko moduko aktore izatearekin… zenbatek ez ote zuten amets hura beteko, kanpoaldeko bilgarriaren gaineko kezkari ostikoa emanda. Hauxe eta beste eredu.

Donostia sariaren 30. urteurrenean, hogeigarren emakumezko aktorea izango da Weaber hura jasotzen. Zinemaldira nazioarteko zinema-izarrak erakartzeko sortu omen zen saria, eta, antza, zerua astro maskulinoz josia dago, sariaren historian berau nola banatu izan den kontuan hartuta (gizonezko aktoreek bikoiztu egiten dute emakumezko saridunen kopurua). Alabaina, gaur ez nago gaizki pentsatzeko, eta sinetsi nahi dut beste ezeren gainetik talentuari eta ibilbide profesional jakin bati eman nahi zaizkiela aitorpena eta txalo beroa. Nik neuk, eta ziur naiz publiko guztiak aho batez, zaparrada eskainiko diot aktore-puska honi. Oraindik ere inbidia eragiten didan Weaber andreari, hura bezain erakargarri eta indartsu zahartu nahi nukeelako.