Jon LEUNDA
PILOTA

Lau bikotek jokatuko dute Baionako Masterra

Lau bikote handirekin, gaur abiatuko da Baionako Masterra. Boladan eta denen gainetik dabiltzan hiru gazteak, Larralde, Ducassou eta Bilbao, bertan izango dira; baita adinean aurrera joan arren oraindik mailarik gorenean dabiltzan Waltari eta Harizmendi ere. Behetik gora indarrean datorren Gixandutek ere ez du hutsik egingo, ezta Xalak ere. Behin Aspetik kanpo geratu ostean, udan ezker paretan eta trinketean arituko da, eta Baionan bere maila erakusteko parada izango du.

Izango ez dena Ospital da. Hau ere indarrean zetorren gazte horietakoa da, baina ez du besteek eman duten jauzi hori eman, eta bere lekua Etxegaraik hartuko du. Zortzi pilotari handi izango dira eta zaleak ere irrikaz daude. Trinketetako harmailak azkenaldian jendetza biltzen ari dira, gazteek ekarri duten indar handiak bultzatuta, eta Baionako Modernen ere Masterra ikusteko sarrerak agortu egingo dira.

Bikoteak ere oso onak eta orekatuak egin dituzte. Waltari eta Bilbao, Xala eta Harizmendi, Etxegarai eta Ducassou eta Larralde eta Gixandut izango dira Masterrean arituko diren lau bikoteak. Bi finalerdiak 19.30erako iragarrita daude, baina aurretik beste partida bat izango denez, beranduago hasiko dira.  Finala, berriz, igandeko 11.00etarako dago iragarrita; hor ez da aldaketarik izango eta puntuan hasiko da norgehiagoka. Lehen finalerdia gaur bertan jokatuko da, eta egungo Binakako txapeldunak, Waltari eta Bilbao, Etxegarairen eta Ducassouren aurka neurtuko dira.

Finalerdi oso erakargarria da hau, baina Binakako txapeldunak aterako dira faborito. Etxegaraik Buruz Burukoan eta Binakakoan parte hartu zuen, eta orain honelako torneo handi batean bere maila erakusteko aukera izango du, asko eta asko egongo baitira berari begira. Egungo atzelaririk onena jarri diote, Ducassou gaztea, baina aurrean bikote indartsua izango du, eta aurreko postu horietan Agusti Waltarirekin borrokatu beharko du. Kubakoak sakearekin asmatzen badu, sekulako mina egin dezake.

Bigarren finalerdia bihar jokatuko da. Larralde eta Gixandut Xalaren eta Harizmendiren aurka neurtuko dira. Partida oso polita izango da hori, eta kasu honetan jendea Xalari begira egongo da. Lekuinekoa ezker paretan eta trinketean bietan ari da, eta bietan ongi aritzea ez da erraza, jokatzeko bi era oso ezberdin direlako. Hala ere, trinketean entrenatzen gogor aritu da Xala, eta uste izatekoa da duen eskarmentuarekin litekeena dela maila oso ona ematea. Hasieran dirua Larralderen eta Gixanduten alde aterako da. Bi finalerdietako irabazleak igandean neurtuko dira elkarren aurka.