Arantxa MANTEROLA
BAIONA

Epaitegiak CGTri arrazoi eman dio LABen hautagaitzen kontrako auzian

CGTk enpresa txikietako hauteskundeetan LABi aurkezten ez uzteko egindako errekerimendua aintzat hartu zuen atzo Bordeleko Administrazio Auzitegiak. Ebazpenaren argudioak ezagutzeko zain, LABek iragarri du jada helegitea aurkezteko asmoa duela.

Korsikako STC sindikatuari gertatu bezala, Bordeleko Administrazio Auzitegiak ontzat eman du CGTk egindako eskaera, hots, azaroaren 28tik goiti enpresa txikietan egingo diren hauteskunde sindikaletan LABi hautagaitza aurkezteko eskubidea kentzea.

Euskal Herriko sindikatuak balio errepublikanoak errespetatzen ez dituela eta sindikalgintza baino proiektu politiko independentista lehenesten duela arrazoitu zuen CGTk bere errekerimenduan.

Auziaren bista joan den uztailaren 28an burutu zen eta ebazpena atzo goizean jakin zen, baina epaileen argudioak eta oinarri juridikoak egun batzuk barru ezagutuko dituzte.

Harrigarria

Geronimo Prieto LABeko ordezkariak harridura azaldu zuen auziaren formekin: «Bitxia da, halere, administrazioaren kontra egin beharrean LABen kontra egin izana».

Sindikatu abertzaleko kideak aurreratu zuen helegitea jarriko dutela eta nolanahi ere, bozetan presente izango direla: «Gure zilegitasuna ez da epaitegien gain, euskal langileen gain baizik. Egunero beraiekin egiten dugun lana da inportanteena. Horregatik, auzitegiak gorabehera, guk kanpaina egingo dugu».

Izan ere, Ipar Euskal Herrian enpresa gehienak txikiak izanik hauteskunde hauek garrantzitsuak dira. «Gainera, enpresetatik harago ere duela ia hiru urte Garapen Kontseiluam eratutako mahai sozioekonomikoan ordezkaritza gure pisuaren arabera neurtuko da», nabarmendu zuen Prietok.