Inazio Murua
ZORROZTARRIA

Ona...?

Asmatu zuen Zeledonek ostegunean berekin guardasola eramanda, gaueko hamarrak aldera hasi zuen euri txikia horrenbesterainokoa izan ez bazen ere. Hainbat lagunen ustez, ordea, hondamendia izan zen. Tira, atzo eta gaur (larunbata) giro ederra izan da Gasteizen, eguzkia nagusi baina gehiegi berotu gabe. Urteroko bisitari naizen honi, behintzat, bikaina iruditzen zaio. Hondamendia sumatzen zuten horiek, ordea, onaren mailara iristeko tarte bat falta dela esango dizute. Orain hurrengoan egosi gintuzten berrogei gradu horiei eguraldi ona esateko ausardia behar da, gero. Baina hego haizeak mendi bazterrak zukutu eta baratzeak kiskaltzea eguraldi ederra omen da. Bego.

Ekonomia ere bide onetik omen doa, bere onera itzultzeko bidean. Lehengora, alegia. Eta hori ona omen da. «Eta hori ona da» esaldia hainbat politikarik erabili ohi dute. Eta jende askok «adituaren» ahotik entzunda, hala dela uste izaten du, horregatik erabiltzen dute hain maiz delako esaldia, atzean benetako argudiorik eta inolako oinarririk izan gabe. Izan ere, adituen terminologia erabiltzen badute ekonomiaren gorabeherak azaltzeko, jende horrek «hi, erotu gabe» esango die. Baina ekonomia lehengora itzultzea ona da? Hau da, pozteko modukoa al da ekonomia krisi luze hau eragin duen egoerara itzultzea? Oraindik krisia ez da bukatu eta, datu «esperantzagarri» horiekin batera, finantza krisiaren zantzuak ageri dira berriro ere. Europako zenbait banku diru eske dabiltza; hori bai, estres testak gainditu ondoren. Porrotaren atarian egonda ere, ez daude estresatuta. Nik ere neure ekonomia kaskarrak lur jotakoan estatuak diru-txutea emango didala jakingo banu, patxada ederrean txalotuko nuke ekonomiaren nondik norakoa, zenbaiten eguraldi «onaren» parekoa.

Doala txakurraren salara eguraldi ona. Eta, batez ere, ekonomiaren bilakaera ona.