Jon LEUNDA
Sega

Igor Esnaolak berreskuratu du Euskal Herriko txapela

Legorretako kirolariak 200 kiloko aldea atera zion bigarren postuan amaitu zuen Etxeberriari.

Igor Esnaolak lortu zuen atzo Asteasun Euskal Herriko txapela. Legorretakoa izan zen lauretan erregularrena, eta ongi merezitako garaipena eskuratu zuen. 600 ikusle inguru batu ziren finala zuzenean ikustera. Lekua, paregabea eta eguraldia ere bai. Belarra ere nahiko ona, lanean aritzeko. Hala, segalari bakoitzak ordubete izan zuen lanerako.

Orain dela bi aste jokatu zen kanporaketako lau onenak aritu ziren atzo lehian. Orain dela hilabete Gipuzkoako finalean jardun ziren lau segalari berak, baina oraingoan emaitzak aldatu egin dira. Gipuzkoako txapela Gabirondo II.ak eskuratu zuen, baina atzokoan laugarren postuarekin konformatu behar izan zuen.

Izan ere, atzora arteko Euskal Herriko txapeldunak gorabeherak izan zituen. Hasi, nahiko txukun hasi baldin bazen ere, erdialdera dezente okertu zen, eta amaiera aldera berriro hobetu baldin bazen ere, ez zuen bere egunik onena izan.

Igor Esnaolak bai, oso lan ona egin zuen. Legorretakoak behetik gora egin zuen, eta bikain amaitu zuen atzoko norgehiagoka. Hasieratik oso indartsu Etxeberriak ekin zion. Kanporaketako segalaririk onena bera izan zen, eta hori ez zela kasualitatea izan erakutsi nahi zuen atzo, nahiz eta ordu erdi gehiagoko lana zuten finalean.

Ongi aritu zen, eta mailetan lehengo aritu zen denbora askoan, baina azkenerako nekearen arrastoak sumatzen hasi zen, eta Esnaolak aurrea hartu zion. Legorretakoak hasieran jarritako erritmoari eutsi egin zion, eta lana bikain eginez joan zen. Etxeberria aurretik zuenean ere ez zen aldatu. Gainera, segan ez du aparteko garrantzirik aurretik joateak ala ez; azken batean kiloak ebaki behar dira, eta garrantzitsua belarra txukun eta ongi moztea da, nahiz eta oso atzera geratuz gero, normalean irabaztea zaila edo ezinezkoa izaten den.

Igor oso ongi aritu zen lanean, behetik gora eginez, eta amaiera aldera ikusten zen besteak baino hobeto zegoela. Azkenean txapela lortzeaz gain, berak atera zien gainerakoei alderik handiena, 200 kilo. Hori segan ez da asko, baina bai irabazteko adina. Beste hiruren artean oso alde txikiak izan ziren.

Arkaitz Arteagaren lana ere oso ona izan zen. Baliarraingoak urteak pasatu ditu era tradizionaleko segalaritzatik at, eta itzulera oso ona izan du. Gipuzkoako zein Euskal Herriko finaletan izan da, eta ez dago batere gaizki. Gainera, atzo hirugarren amaitu bazuen ere, bigarren postua ez zuen oso urrun izan, nahiz eta laugarrena ere oso gertu izan zuen.

Ordubetean segan aritu ostean, Igor Esnaolak 2.884 kilo ebaki zituen, eta Euskal Herriko txapela eskuratu. Bigarren postua Etxeberriarentzat izan zen, eta berak 2.679 kilo belar ebaki zituen. Hirugarren postua eskuratu zuen Arkaitz Arteagak 2.642 kilo ebakita, eta sailkapena Gabirondo II.ak itxi zuen, 2.632,5 kilo ebakita.

Ikusleek ere merezi dute aipamenik. Segalaritza jendeak oso gustuko duen kirola da, bai lehen bai gaur egun. Komunikabide askok jaramonik egin ez arren, zaleek beti erantzuten dute, eta atzo bertan 600 ikusle inguru batu ziren finalaz gozatzera. Pena bakarra, azken orduko ezustekorik ez baldin bada, era tradizionaleko denboraldia amaitu dela.

 

Oraingoz ez da apusturik jokatuko

Oraingoz ez da sega apusturik jokatuko. Orain dela bi aste Euskal Herriko kanporaketan aritu ziren segalari guztiei desafioa bota zien Jexuxmari Ormaetxeak. Zita jarri eta Igor Esnaola agertu zen, baina ez dute apusturik jokatuko. Bien artean desadostasun batzuk zeuden, eta ados jarri ez direnez, oraingoz behintzat, ez da neurketa hori jokatuko.

Orain, Euskal Herriko finala jokatuta, eta era tradizionaleko denboraldia amaituta, agian iritzia alda lezakete, are gehiago atzoko jendetza ikusita, eta zerbait atera liteke, baina une honetan, aurtengo denboraldirako ez dago apusturik, eta amaitu da denboraldia. J.L.

Honi buruzko guztia: Sega