Nondik
Behin berri harrigarria topatu nuen egunkariren batean. Gizon bat kondenatua izan zen kalean besaulki batekin sexu harremanak izateagatik. Oker ez banago, bederatzi hilabeteko kondena izan zuen. Berriak zioen zerbitzutik kanpo zegoen polizia batek kotxetik tipo bat ikusi zuela sofa batekin lardaskatzen; berehala gelditu eta gizona atxilotu zuen. Beste egunkari batean ere notizia bitxia irakurri nuen. Gazte bat banku bat atrakatzen saiatu zen aurpegia agerian zuela. Bideoen grabazioak ikusi ondoren atxilotu egin zuten. Baina atxilotzean gazteak ez omen zuen ulertzen nola ezagutu zuten, bere aurpegia ikusezin bihurtu baitzuen limoi urarekin igurtzi ondoren. Epaiketa hori ere ez zen nolanahikoa izango. Badira beste hainbat kontakizun norbaiten ahotik jasotzen direnak. Gure aitak kontatzen du Pasai Donibanen norbait hiltzen zenean hilkutxa Pasai Antxotik ekarri behar zutela, alegia, badiaren beste aldetik. Hilkutxa guardia zibila izandako botero batek ekartzen omen zuen txalupan, arraunean, noski. Metafora izugarria iruditzen zait. Guardia zibila badia zeharkatzen txalupan hilkutxa bat daramala. Nolabaiteko Kreonte modernoa, Estigia ibaia zeharkatu beharrean, Pasaiako badian alde batetik besterako bidaia egiten, Herioaren iragarle.
Askotan galdegiten didatenean nondik demontre ateratzen ditudan istorioak, halako bitxikeriak kontatzen ditut. Izan ere, bizitza istorio harrigarriz osatuta dago. Begiak eta belarriak zabalik izatea da kontalariaren ezinbesteko beharra.

El PP amenaza con el exterminio político a EH Bildu y sin tener turno de palabra

El exalcalde de Hondarribia fichó por una empresa ligada a Zaldunborda

«Tienen más poder algunos mandos de la Ertzaintza que el propio Departamento»

Etxebarriazarragak jantzi du Bizkaiko txapela
