2016/08/12

Emaitza gutxienekoa denean

Olinpiar Jokoek irauten duten bitartean ohikoa izaten da normalean hedabideetan lekurik izaten ez duten kirol eta kirolarien istorioak ezagutzea. Egunotan, adibidez, hitzetik hortzera ibili dira errefuxiatuen taldea osatzen duten kirolarien bizipen gogorrak, haurtzaro zaila izan duten beste zenbaitenak –Simone Biles gimnasta estatubatuarra kasu– edota mota guztietako superazio adibideak –arazo fisiko larriei gain hartuz, esaterako–.

Normalean urruneko herrialdeetako istorioak izaten dira, gugan nolabaiteko lilura bat sortzen dutenak –ez da gutxiagorako– eta interes handiz jarraitzen ditugu. Gehiegi ezagutzen ez ditugun kirolekin ere antzeko zerbait gertatzen zaigu, eta Jokoak aukera ona izaten dira modalitate horien inguruan gehixeago ikasteko. Baina urrutira begira egoteak askotan etxean daukaguna ahaztera eramaten gaitu, edo merezi duen balioa ez ematera.

Nire kasuan, adibidez, ezagutzen ez nuen istorio polit baten berri izan dut orain gutxi, hain zuzen ere, Irungo Euskal Jiran “Foro Irun XXI” delakoak paper-mutur txiki batzuetan banatutako testu bati esker. Bertan azaltzen denez, Irungo Urdanibia plaza “pilotatokiko plaza” bezala ezagutzen zen 1903ra arte, XX. mende hasierara arte pilota partidak bertan jokatzen zirelako, eta bereziki gogoratzen omen da 1846ko abuztuaren 9an jokatutako laxo partida.

Antza denez, gipuzkoarren eta lapurtarren arteko desafio bat izan zen, eta 12.000 pertsona inguru bildu omen ziren plazan dema ikusteko. Gainera, eguraldi txarraren erruz neurketa egun bat atzeratu behar izan omen zuten, eta kanpotarrek han bertan pasatu zuten gaua nola-hala.

“Irungo pilota partidaren kantia” bertso anonimoei esker dakigu sekulako apustu pila egin zirela –garaiko 200.000 frankora iritsiko zela diote, eta baten batek hurrengo urteko uzta ere jokatu zuela– eta nafarra izan arren partida hartan parte hartu zuen Gamio apaiz lesakarrak jokatu eta hurrengo egunean atzerrira alde egin zuela, gotzainak elizgizonei pilotan jokatzeko jarritako debekua apurtu zuelako.

Amaieran labur-labur aipatzen da desafioa lapurtarrek irabazi zutela, baina hori dena jakinda, zeini inporta dio emaitzak?