2016/08/14

Eizmendi izan da berriro ere onena Igeldo Harriarekin

Zarauztarra zen txapelduna, eta baita irabazteko faborito nagusia ere, eta ez duhutsik egin, azkenean bigarren sailkatuari bi jasoaldiko tartea kenduz.

Jon LEUNDA
0814_kir_eizmendi

Ez zen ezusterik izan, eta Jokin Eizmendik irabazi zuen atzo Donostian jokatu zen Igeldo Harria Txapelketa. Jende asko batu zen Trinitateko plazan saioa ikustera. Harri-jasotzaile bakoitzak 134 kiloko Igeldo Harri baldarra erabili behar izan zuen, oboide itxurakoa. Lanerako bosna minutuko txanda bana izan zuten.

Eizmendi zen txapelduna, eta atzo ere ez zuen hutsik egin. Hori bai, lana gogotik egin behar izan zuen. Bere erreferentzia 13 jasoaldi egin zituen Telleria II.a izan zen. Telleria II.a zarauztarraren aurretik aritu zenez, Eizmendik bazekien hura gainditzen bazuen irabazteko aukera asko izango zituela, eta horrelaxe izan zen.

Eizmendik oso lan ona egin zuen, eta bost minutuan harria 15 aldiz bizkarrean berdintzeko modua egin zuen. Horrekin nahikoa izan zuen atzokoan ere Igeldo Harria Txapelketa irabazteko. Atzetik Telleria anaiak sailkatu ziren. Biek egin zuten lan oso ona, eta biak berdinduta geratzeko aukera ederra ere izan zuten. Telleria II.ak harria 13 aldiz berdindu zuen bizkarrean, eta bere anaia gazteak, berriz, jasoaldi bakar bat gutxiago eman zion. Baina izan zuen aukera anaia zaharra harrapatzeko ere, baina hamahirugarren jasoaldia ustela eman zioten; ondorioz, 12 jasoaldirekin geratu zen, hirugarren postuan.

Izeta IV.ak ere bere maila eman zuen. Zarauztarrak bost minutu on osatu zituen, eta azkenean bederatzi aldiz berdindu zuen harria bizkarraren gainean, eta horrekin laugarren postua lortu ahal izan zuen zarauztarrak. Atzetik, eta jasoaldi bakar batera, zortzi jasoaldirekin, alegia, Otaegi sailkatu zen. Aizarnakoa saiatu zen bat gehiago ere ematen, baina zortzirekin konformatu behar izan zuen.

Hortik atzerako postuetan, berdinketa ugari izan ziren, eta horrelakoetan kirolariak pisatu egiten dira, eta bietan pisurik gutxien duenak amaitzen du aurretik. Izan ere, seigarren postuan amaitu zuen Illarramendik eta zazpigarren amaitu zuen Aranburuk zazpina jasoaldi eman zizkioten Igeldo Harriari, baina, Illaramendik kilo gutxiago pisatzen dituenez, beretzat izan zen seigarren postua.

Zortzigarren eta bederatzigarren amaitu zuten Etxeberriak eta Goenatxo III.ak ere berdinduta amaitu zuten saioa, bakoitzak Igeldo Harriari seina jasoaldi ematea lortu baitzuten. Kasu honetan, Gorka Etxeberria, Idoia Etxeberriaren anaia, aurretik geratu zen, Goenatxo III.a baino arinagoa delako. Azken hori Goenatxo II.aren semea da.

Azkena, berriz, Aimar Galarragak amaitu zuen, honek bost minutuan bost aldiz lortu baitzuen harri baldarra bizkarraren gainean berdintzea. Horrenbestez, sailkapeneko azkeneko mailan amaitu zuen.

TELLERIA ANAIAK


Telleria anaiek sekulako lana egin dute, eta beraientzat izan dira bigarren eta hirugarren postuak. Zaharrak 13 jasoaldi lortu ditu, eta, gazteak, bat gutxiago. Berdinduta amaitzetik gertu izan dira.