Estibalitz EZKERRA
Literatur kritikaria

Omran

Omran Dakneesh du izena eta bost urte ditu. Ostegunera arte inork ez zuen haren berririk, bere senideak kenduta. Ostegunetik mundu osoak daki nor den. Alepon lan egiten duen Mustafa al-Sarout kazetariak filmatu zuen Omran. Gerraren aurpegia. Hala izendatu ditu irudiok. Aurpegia Omran txikiarena. Jadanik ez bakarrik berea, Siriako gerrako biktima guztiena baizik. Omranen aurpegi odoleztatua, goitik behera hauts geruza zuri batek estalita, anbulantzia baten atzealdean aulki laranja batean eserita, «first aid» dioen maleta ondoan, eskuak praka laburrek doi estaltzen dituzten izterretan jarrita, kamerari zuzenean begiratzen inolako emoziorik adierazten ez duen begiradarekin, isil, txiki, hauskor.

Ez omen da lehena. Omranen moduko kasuekin—birrindutako eraikinen artetik miragarriro bizirik ateratako umeak—ia egunero topo egiten dute tokiko zein hara gerturatutako mediku, erizain eta bestelako laguntzaileek.

Sumina piztuko dute irudiok. Nazioarteko eragileek gatazka amaitzeko konpromisoa agertuko dute eta bonba gehiago jaurtiko dituzte Assaden armadaren kontra. Eraikin birrindu gehiago hildakoen kopurua handituz. Artikuluak idatziko dituzte, liburuak ere, fikziozkoak zein ez-fikziozkoak. Akaso gerra bukatuko da, gerra hau, baina ez gerra, beti egongo baita deuseztatu beharreko etsairen bat. Eta horrela, Omran ahaztu egingo dugu hemendik hilabete batzuetara, errefuxiatuen aurpegi bihurtu zen haurra, Greziako hondartza batean itota agertu zen hura, ahaztu genuen bezala.