Julen Murgoitio
ZORROZTARRIA

«BerOtegi efektua»

Udan udakoa. Antizikloia non beroa hemen. Total, merkurioa gaixo dago, gradutan puztuta, hirietan batez ere. Hondartzako harea jendez gainezka. Eta hondartzako ura bainulariz, arrain handientzat apenas lekurik dela. Bainulari batzuk hor, goitik behera beltzez jantzita, lotsagarrian, ohol baten gainean olatuz olatu. “Surfini” edo. Amen.

Beste batzuk normal jantzita, normala edo, uretan sartuta, zutunik, geldi, isil, aurpegian irribarre maltzurra, txiza egiten ari diren seinale. Eta olatuek txiza hareara hurbildu. Harea gizajoa! Udaro zapaltzen diote eguzkitan egoteko berezkoa duen eskubidea. Zapaldu, bai. Noizko harea-espazio libreak abuztuko hondartzetan? Bai, hondartza jendez mukuru beteta, eta ondoko mendi-hegalak autoz lepo, ez baitago abuztuan hondartza ulertzerik autorik gabe.

Ama, ama! Gogoan ditut ume garaiko hondartza-aldiak! Haxe bai bidea egiten genuena hondarrera ailegatzeko! Trena, autobusa, oinez… eta txandalik ez! Lehen joaten ginen moduan joango bagina orain hondartzara, trekking egitea deituko genioke. Edo triatloia, olinpiadak buruan.

Gogoan ere izan, uretatik burutik behatzetaraino beltzez jantzitako bainulariak ateratzen zirela. Ez dut uste neopreno zenik. Garai hartan erlijio bakarra zegoenez moja-abadeak edo epaileak izan behar; abakandoak ez sikiera. Zenbat kalte ekarriko zuten gerora erlijioek! Are gehiago justiziek!

Bero-sapa egunotan, bai, sargori. Beroketa globalera ei goaz, euskaldunon planetan ere bai. Datozen irailak abuztuak bezala izan daitezke. Harea gizajoa! Politikatik ere egin behar zaio aurre beroari, naturala izan dadin, berezkoa, bero freskoa. Baina beltzez jantzitako triste batzuk, kasu honetan ez dira mojak, temati ari dira zerrenda burugabetzen. Tira ba, “BerOtegi efektua” behar dugu, giroa freskatzeko lagungarri!