GARA
BILBO

Parte hartzea eta itsasadarrak ematen dituen aukerak, Aste Nagusiko gozoak

Bilboko Konpartsek egindako irakurketaren arabera, lehiaketa gastronomikoak eta Herri Krosa izan dira ekitaldirik arrakastatsuenak. Beroa ere protagonista izan da; hala, Bilboko itsasadarrean egindako jarduerak txalotu eta etorkizunean indartzeko asmoa azaldu dute.

Bederatzi egunez dantzan ibili ondoren eta jada Marijaia errauts bihurtuta, Bilboko Aste Nagusiak utzitako zenbaki eta pasarteen azterketa egiteko garaia heldu zen atzo. Bilboko Konpartsen hitzetan, jaietako «zeru garbian» izandako «hodei beltz bakarra» eraso matxistak izan dira. Hori salbu, irakurketa positiboa egin zuten bozeramaileek, parte hartzea handia izan delako, jarduerak arrakastatsuak eta jaia gune berriak ere sortzen ari direlako, tartean Bilboko itsasadarra.

Eguraldi beroa ere izan da mintzagai jaietan, eta barrenak freskatzeko moduak anitzak izan dira. Oihana Pascual eta Iker Martinen hitzetan, 500 ekitalditik gora antolatu dira, eta bereziki arrakastatsuak izan dira, baieztatu zutenez, lehiaketa gastronomikoak eta Hiri Krosa. Sukalde kontuetan, datuak argigarriak dira: 500 patata tortilla, 76 txipiroi eltze, bizkaitar erara egindako 56 bakailao eltze, 155 marmitako… «Aurreko urteko markak berriro gaindituta!», zoriondu ziren. Deigarria da ere Master Txiki lehiaketak izandako partaide kopurua: ia 800 neska-mutil ibili dira nagusien antzera, errezetak jarraitu eta platerik onena egin nahian. Arrakasta aintzat hartuta, datorren urtera begira arauak eta formula berriak pentsatuko dituztela aurreratu zuten.

Aurten hogei urte bete dituen Hiri Krosa ere arrakastatsua izan da oso. Urtez urte sasoi hobea du, gainera, bertan parte hartzeko dortsalak «inoiz baino bizkorrago» amaitu baitziren.

Itsasadarra, protagonista

Beroa ere protagonista izan da Aste Nagusian, tenperaturak oso altuak izan dira eta hori edalontzietan islatu da. Datu bitxi batek baieztatzen du hori: Bilboko Konpartsetako txosnetan iazko izotz kopuruaren bikoitza kontsumitu dute aurten festazaleek. Egin kontu!

Itsasadarra pixkanaka bere lekua bereganatzen ari dela ere aldarrikatu zuten. Gero eta ekitaldi gehiago egiten dira bertan jaietan eta aurrera begira ere norabidea horixe izango dela aurreratu zuten Konpartsek. Txantxetan edo ez, txosnetako barrak errekara begira jarri beharko direla esan zuten, aurten piraguetatik bertatik edaria eskatu duenik ere izan baita…