«H28» aldizkariaren bi lan zentsuratu ditu Nafarroako Komiki Azokak
Hamalau laneko bilduma bat egiteko eskatu zioten «H28» aldizkari satirikoari Nafarroako Komiki Azokako antolatzaileek, eta horietako bi atzera bota dituzte «duten edukiagatik». Opus Dei eta torturari buruzkoak dira lanok. Argitalpenak uko egin dio parte hartzeari.

Nafarroako VII. Azokako antolatzaileek “H28” aldizkari saretirikoaren bi lan zentsuratu dituzte. Hamalau piezako bilduma bat egiteko eskaera jaso zuen aldizkariak orain hiru aste, azokaren barruan fanzineen inguruko erakusketa batean parte hartzeko. Hautaketa aldizkariaren esku utzi zuten, eta «pozik» onartu zuten gonbidapena “H28”-ko kideek. Are, prest agertu ziren beren lanak doan uzteko.
«Antolatzaileek inongo momentutan ez zuten inongo eduki mugarik aipatu», ohartarazi dute aldizkariko kideek ohar batean. Ordea, urte eta erdiko ibilbidea errepasatu eta hautatutako lanak bidaltzerakoan, atzera bota dituzte antolatzaileek hamalau lan horietariko bi, eta, aldizkariari hitzez hitz azaldu diotenez, «lanen edukia» izan da arrazoia. Zehazki, Opus Deiri eta pedofilia eskandaluei erreferentzia egiten die zentsuratutako biñetatariko batek, eta Guardia Zibilak Burlatan “Tortura” zioen pintaketaren harira egindako atxiloketak ziren atzera bota duten beste biñetaren gaia.
«‘H28’-k beti azaldu du aldizkari satiriko bat dela, eta orain arte kaleratutako marrazki denak sarean eta doan kontsultatu daitezke, horregatik bereziki harritu gaitu komiki azokak izan duen jarrerak», nabarmendu dute. Aldizkariak argi azaldu die antolatzaileei marrazki guztiak onartu ezean, ez duela azokan parte hartuko, eta erabakia berraztertzeko deia egin die. Haien arabera, ordea, eutsi egin dio Tiza elkarteko zuzendaritzak marrazkiak erretiratzeko erabakiari. Horrenbestez, Nafarroako VII. Komiki Azokan parte hartzeari uko egin dio “H28” aldizkariak.
Arrazoiak
Aldizkariak salatu egiten du zentsura saiakera, eta adierazpen askatasunaz duten ikuspegia berrikustera animatu ditu antolatzaileak. Opus Deiren inguruko marrazkia atzera botatzeko emandako arrazoiak ere agertu dituzte ohar bidez. «Opus Deirena gehiegizkoa iruditzen zaigu, ez dugu uste kolektibo oso hori pedofiliaren gaiaren barruan sartu beharko litzatekeenik. Eztabaida litekeen kontu bat izan liteke, baina ez dugu egoki ikusten». Zentsuratutako beste lanaren kasuan, aldiz, antolatzaileek ondoko argudioak eman dituztela zabaldu du “H28” aldizkariak: «Ez zaigu torturari buruz hitz egiteko lekua iruditzen, ez behintzat hain modu esplizituan. Egia da torturarena, baina beste modu batean ere esan daiteke». Lan horiek erakutsiz gero, etorkizuneko edizioetan azoka babesle pribatu batzuen laguntzarik gabe geratzeko arriskua ere egon daitekeela azaldu dute antolatzaileek, “H28”-ren arabera. Nafarroako Kutxaren Fundazioa, La Caixaren gizarte ekintza eta El Corte Ingles dira azoka diruz laguntzen duten erakundeak.
«‘H28’ aldizkari satiriko digitalak hilabetero sarean, doan, euskaraz, satira eskaintzen segitzeko konpromisoa berresten du gertakari honen ostean. Penaz ikusten du, ordea, Nafarroako VII. Komiki Azokak komiki azoka izateari uko egin izana», adierazi dute.
2015eko “Charlie Hebdo”-ren aurkako atentatuaren ostean kaleratu zuen bere lehen zenbakia “H28” aldizkari saretirikoak urte hartako urtarrilaren 28an. Euskal Herriko lehen lerroko 50 marrazkilari inguru bildu ditu geroztik bere orrietan, eta hilaren 28ro kaleratzen ditu marrazki satirikoak www.h28.eus orrialdean. Doako harpidetza bidez hilabetero aldizkaria posta elektronikora helarazteko aukera ere eskaintzen die irakurleei.

«Basoez hitz egiten dute, baina basoa suntsitzen dute landaketa sartzeko»

«Dirigiremos Venezuela hasta la transición», proclama Trump

Iban Apaolaza presoa hilik aurkitu dute Aiako Harrian

El robo del año no ha tenido lugar en el Louvre, sino en Spotify
