GARA
DONOSTIA

Gipuzkoarrek berriro parte hartu ahal izango dute foru aurrekontuetan

Herritarren ekarpenak jaso eta 2017ko foru aurrekontuak osatzeko prozesu parte-hartzailea abiatu du EAJ-PSEren aldundiak. Urriaren 14ra arte dago epea irekita. EH Bilduk bidea ireki zuen aurreko legealdian, baina paradoxikoki adostutakoa eten egin zuen ondoren EAJk.

Gipuzkoako Aldundiak abian jarri du prozesu parte-hartzailea 2017ko foru aurrekontuak egiteko, iritziak eta ekarpenak jasoz. Herritarrek, erakundeak atzo azaldu zuenez, aurrekontu sail eta proiektuen inguruan lehentasunak adierazi ahal izango dituzte. Kanpaina hiru modutara zabalduko da: etxeetako postontzietara bidaliko diren 300.000 liburuxken bidez, erakundearen gunean ahalbidetu den aplikazioaren bidez eta lurraldeko eskualde ezberdinak bisitatuko dituen guneari esker.

Urriaren 14ra arte egin ahal dira ekarpenak, eta 16 urtetik gorakoek parte har dezakete. Imanol Lasa Foru Gobernuaren bozeramaileak atzo prentsaurrekoan adierazi zuenez, urriko azken bi asteetan gipuzkoarren ekarpenak «leundu eta txertatu» egingo dira. Era berean, foru aurrekontuei proposamenen memoria erantsiko zaie. Bertan zehaztuko da zeintzuk hartu diren aintzat eta zeintzuk ez, eta horren zergatiak.

Ez da lehen aldia lurraldeak aurrekontu parte-hartzaileak sustatzen dituena, izan ere, aurreko legealdian, EH Bilduren foru gobernuak hainbat ekimen jarri zituen martxan. Lehena, Urola Erdian garatutakoa. Arrakasta ikusita, lau eskualdetara zabaldu zuen, bi milioi euro kudeatzeko, Batzar Nagusiek aho batez onartu ondoren. Egitasmoa are gehiago zabaldu zen 2015ean, 20 milioi euro jartzeko konpromisoarekin. Hauek ondorengo lau urteetan ziren banatzekoak, alegia, legealdi honetan, baina iazko urrian EH Bilduk salatu zuenez, prozesu hura bertan behera uztea erabaki zuen Aldundi berriak, orain berea propioa abiatzeko.