GARA
GENEVA

500.000 umek erabili dituzte trafikariak Europara iristeko

Aylan Kurdi hiru urteko errefuxiatuaren gorpuaren irudiak atzo urtebete hunkitu zuen mundua, baina egun haietan agindutakoa ez dute bete agintariek, haurraren aitak nabarmendu duenez. Unicef agentziak emandako datuen arabera, azken 18 hilabeteotan 500.000 ume inguruk erabili dituzte trafikarien zerbitzuak Europara iristeko.

Abdullah Kurdi Aylanen aitak 41 urte ditu eta gaur egun Hego Kurdistanen bizi da, Arbilen (Irakeko iparraldean), pexmerga indar kurduek babestutako etxebizitza batean. Bertan elkarrizketatu du “Bild” Alemaniako egunkariak egun tragiko hartan emaztea eta bi seme (Aylan eta bost urteko anaia) galdu zituen gizona. «Sirian jendea akabatzen jarraitzen dute eta inork ez du ezer egiten», dio burua jaso ezinik dabilen kurduak.

Egun haietan gauza asko agindu ziren, baina ez dira bete, Unicef Haurren Laguntzarako Nazio Batuen Funtsak atzo argitara emandako datuek frogatzen dutenez, azken hemezortzi hilabeteotan (2015eko urtarrilaz geroztik) 500.000 umek erabili baitituzte trafikarien zerbitzuak Europara iristeko, legezko bideak itxita aurkitu zituztelako.

«Nire familiakoen heriotzaren ondoren, politikariek esan zuten ‘inoiz ez gehiago’. Mundu guztiak adierazten zuen zerbait egin nahi zuela, Aylanen irudiak erabat hunkitu zituelako. Baina zer gertatzen ari da? Jendeak bidean hiltzen jarraitzen du eta inork ez du ezer egiten», adierazi du errefuxiatu kurduak.

Unicef Europol-Interpol polizia agentziaren eta Nazio Batuen beste agentzien datuetan oinarritu da bere kalkuluak egiteko. Sarah Crowe eledunak esplikatu zuen atzo Genevan 2015eko urtarrilaz geroztik 590.000 adingabek eskatu zutela asilo politikoa Europar Batasunean, eta Europolen arabera kontinentera iristen direnen %90ek trafikatzaileen zerbitzuak erabiltzen dituztela. Beraz, Unicefekoek uste dute 500.000 ume inguruk erabili dituztela aipatu zerbitzuak.

Aipatu epean adingabeek ia 600.000 asilo eskaera egin zituzten, eta horietako 100.000 inguru bakarrik zeuden, familiarik gabe, alegia. Edonola ere, Crowek uste du benetako zenbakia handiagoa izango dela, herrialde batetik bestera asko aldatzen baitira erregistroak egiteko sistemak.

Trafikarien negozioa

Interpolek egin izan dituen kalkuluen arabera, trafikatzaileek 5.000 milioi euro inguruko negozioa egiten dute urtean. Europolek eskaini dituen azken datuek diote errefuxiatu bakoitzak 2.700 euro inguru ordaintzen dizkiela, legez itxita dituzten ateak legez kontra zabaltzearen truke.

Datu horietatik abiatuta, Sarah Crowek erantsi zuen trafikariei diru kopuru handiak ordaintzeaz gain, kasu askotan zorra egiten dutela umeek, eta horregatik jazarpen sexualaren, behartutako lanaren edo krimenak egiteko hertsaduraren biktima bihurtzen direla.

Unicef agentziak emandako datuak ez datoz bat Migrazioen Nazioarteko Erakundeak eskainitakoekin. Azken horrek dio iaz (epe laburragoa, beraz) 250.000 adingabe iritsi zirela Greziara eta Italiara legez kontrako bideetatik barrena.

La Unión Europea quiere consensuar qué plantear a Turquía

Los ministros de Exteriores de la UE destacaron ayer la importancia de mantener el contacto con Turquía, pese a las críticas por las purgas tras el intento de golpe de Estado. «Turquía es un socio importante. Tenemos que aclarar entre nosotros qué queremos de Turquía y con Turquía», dijo el eslovaco Miroslav Lajcak a su llegada a la sede de la Filarmónica de Bratislava. Los ministros debían preparar su encuentro de hoy con el titular turco de Asuntos de la UE, Ömer Çelik. GARA