Julen Murgoitio
ZORROZTARRIA

Marxena gogoan, «kamarotea»

Sarri, taberna batera sartzen naizenean, izan kafe bat hartzeko, edo urteko ardo beltza, edo txiza egitera zuzenean…, ohitura izaten dut barra bazterrean, komunerako izkinan, izan ohi den prentsari begiratua emateko, baldin eta prentsa hori ezohikoa bada niretzat. Ea besteen buruan zer den! Eskuan hartu eta Politika saileko letra larriak arin batean begiratuta, egia esanda askotan horko letra xehea bera ere suertatzen zait larria, aurrera egiten dut orrietan egunkariaren azken partean zaharrak ez diren berriak aurkitu nahian, baina aparteko jakin-minik gabe, hori ere esan behar dut. Portzierto, euskal prentsan izaten diren eskelekin konparatuta, zenbat erdaldun hiltzen diren egunero!

Tira, harira! Lehengoan horretan nintzela, hara! Pixatoki prototipo baten berria! 2.0, edo! Itxura batean, pixa egin ostean traste horrek ur xaboituaz garbitzen dizu zakila, di-da, eta ez dakit zelan baina lehortu ere, 3 segundoan! Ama, ama! Eta hori guztia zuk ezer egin gabe, txiza baino ez. Hori bai, pentsatu behar dut zer hori gordeta den lekutik atera eta gero berriro aterpea eman, norberak egin behar duela. Beste gauza bat da zer ez ote duen Pixatoki 4.0 batek egingo! Pentsatu ere ez noa egiten!

Gauzak horrela, gero eta aukera gutxiago izango dugu gu geu geurean erabiltzaile, eta eragile, izateko! Total, konturatu orduko txistorraz ari nintzen kafeari eragiten!

Politika orriak arin pasatu, bai. Zaharra berri. Han, kamarote ematen duen beheko ganbera hartakoa ikusita marxismoa datorkit burura. Ez, Karlena ez, Grouchorena! Han badira, eta hemen, marxistak, «hauek dira nire printzipioak, gustukoak ez badituzu baditut beste batzuk» leloa bere egin dutenak. Politika 0.0.

Anaien kamarote ospetsu hartan, sikiera, harmonia gehiago zela begitantzen zait, ganora gehiago, auzolan gehiago ere bai!