Jon LEUNDA
JOKOAK

Gipuzkoa, Euskal Herriko onena

Gipuzkoarrak eta bizkaitarrak sailkapen nagusian berdinduta geratu ziren, baina orokorrean posturik onenak lortu zituenakjantzi zuen txapela. Hirugarren postuan amaitu zuen Nafarroa Garaiak, nahiz eta bera izan atzoko saioan probarik gehien irabazi zuena.

Gipuzkoak irabazi du Zazpi Herrialdeetako Txapelketa Bizkaiarekin lehia bikaina eta handia izan ostean. Azkenean biek berdinduta amaitu zuten, baina postuen arabera, txapela etxean geratu zen, saioa Donostian jokatu baitzen.

Zazpi herrialdeak bertan izango zirela iragarrita zegoen, baina azkeneko unean Zuberoa ez zen agertu, eta sei herrialde bakarrik aritu ziren lanean. Horietako batzuk, gainera, ez ziren kirol guztietara aurkeztu. Garbi dago lehiaketa honek aurrera jarraitu behar baldin badu, azterketa sakon bat egin beharra dagoela.

Aritu ziren sei herrialdeetatik, Lapurdi bakarrik izan zen probaren bat irabazi ez zuena, gainerako guztiek bakarren bat eraman baitzuten.

Nafarroa Garaia izan zen probarik gehien irabazi zituena, guztira hiru, baina beste batzuetan huts egin zuen, eta hortxe joan zitzaion txapela, nahiz eta hiru puntura bakarrik geratu zen. Sokatiran Beti Gaztek eraman zuen garaipena, Unai Iantzi izan zen lokotxekin azkarrena, eta zakuetan, Iñaki Iraizoz, Oskar Aguas eta Oier Aizkorbe izan ziren azkarrenak.

Gipuzkoak bi proba eraman zituen, eta horietako bat iragartzen zena, izan ere, Tubik ez baitzuen lasto altxatzen hutsik egin, eta garaipena lortu zuen. Bestea, berriz, trontzan irabazi zuten Igor Esnaolak eta Xanti Aizpuruak. Bizkaiak ere beste bi proba eraman zituen, eta horiek ere esperotakoak izan ziren. Aitzol Atutxak lortu zuen garaipena aizkoran, eta bestea, harri jasotzen lortu zuten, Inhar Urruzunok irabazi baitzuen.

Araba ere bi probatan izan zen aurreneko postuan, eta hori ere esperotakoa izan zen. Jon Lapazaran izan zen ingude altxatzen onena, eta txingekin, Kerman Perez de Heredia izan zen garaipena lortu zuena, Arabari bi garaipen emanez, eta garrantzitsuak, gainera. Azkenik, Nafarroa Behereak ere irabazi zuen proba bat, eta orga jokoan izan zen, Mathieu Apezetxe izan baitzen onena. Lapurdik, aldiz, ez zuen proba bat bera ere irabazi, nahiz eta bakarren batean gertu izan zen. Arratsaldean zehar ia ez zen ezusterik izan. Agian batzuentzat orga jokoan izan zen, irabazteko faboritoa Ousmane Drame baitzen. Garaipena, ordea, Mathieu Apezetxek eraman zuen, Nafarroa Behereko ordezkariak. Azken hau ez da Euskal Herriko Txapelketan ateratzen, eta askok lehen aldiz ikusi zuten Donostian. Lehia ona izan zuen Bizkaian bizi den senegaldarrarekin, baina berak eraman zuen garaipena.

Aizkora zen jendeak itxaroten zuen beste probetako bat, nahiz eta lan oso laburra izan. Hori Aitzol Atutxak irabazi zuen, eta atzetik Iñaki Azurmendi eta Iker Vicente sailkatu ziren. Egungo Euskal Herriko txapeldunak aise irabazi zuen. Datu bitxi bat ere egon zen proba honetan. Aizkoran eta trontzan araututako denbora bat zegoen, hori gainditzen zutenen denborak ez ziren kontuan hartzen, eta aritu ziren sei aizkolarietatik, hiruk denbora hori gainditu egin zuten, hain zuzen ere, hauexek: Eloi Kortxero, Arabakoa, Patxi Igoa, Lapurdikoa, eta Alex Igoa, Nafarroa Beherekoa.

Beste ezusteetako bat trontzan eman zen. Hor Barberena anaiak ziren irabazteko faborito nagusia. Bikote nafarrak pasa den igandean lortu zuen Euskal Herriko txapela, eta erraz, gainera, baina hemen gipuzkoarrek, Esnaolak eta Aizpuruak, gaina hartu zieten, eta bigarren geratu behar izan zuten.

Harri jasotzen ere jendeak ikusi nahi zuen Inhar Urruzunoren eta Lopetegiren arteko dema, baina bizkaitarrak ez zuen hutsik egin, eta bost jasoaldiren aldea kendu zion kirolari gipuzkoarrari.

Amaieran Gipuzkoak, 45 puntu batu zituen, eta beretzat izan zen txapela. Bigarren postuan geratu zen Bizkaia, hau ere 45 puntu lortuta. Nafarroa Garaiak eskuratu zuen hirugarren postua 42 punturekin. Laugarren izan zen Araba, 31 punturekin, bosgarren Lapurdi, 24 punturekin, eta sailkapena Nafarroa Behereak itxi zuen, 12 punturekin. Ikusleen aldetik ere nahiko erantzun polita izan zen Donostiako Sagues plazan, baina ez honelako lehiaketa batek merezi duen adinakoa. Berez, herri kiroletan urteko zitarik garrantzitsuena izan behar lukeena garbi geratu zen ez dela horrela, eta hori aztertu beharreko zerbait izango da.

Etorkizuna aztertu beharra dago

Euskal Herriko Zazpi Herrialdeetako Txapelketak izan beharko luke urteko zitarik garrantzitsuena eta handiena, baina beste behin ere garbi geratu da ez dela horrela. Ez ikusleentzat bakarrik, kirolari askorentzat ere ez baita.  Donostiako zitara zazpiak etorriko zirela iragarrita zegoen, baina beste behin ere Zuberoak huts egin zuen. Hori gutxi ez eta Gipuzkoa, Bizkaia eta Nafarroa Garaia bakarrik izan ziren kirol guztietara aurkeztu zirenak, eta horrek hasi aurretik garbi uzten du hiru herrialde hauen artean egongo dela txapela.

Zer egin erabakitzea ez da erraza, baina honek aurrera jarraitu behar baldin badu, denek, kirolariak barne, hartu beharko dute interesa. Gero, agian ez da erraza izango, baina denei ongi datorkien data bat aurkeztu beharko da, bestela zaila izango da honek aurrera egitea. Beharrezkoa da hau denontzat erakargarria eta ikusgarria egitea, bestela etorkizun iluna izango du.  J.L.