Idoia ERASO
SENPERE

Gazteak protagonista direla Mattin «zaharra» omenduko dute Xilaban

Xilaba Bertsulari Xapalketa irailaren 24an abiatuko da Donibane Lohizunen eta azaroaren 12an bukatuko da Baionako Lauga gelan eginen den finalarekin. Mattin Treku omenduko dute, bere jaiotzaren 100. urteurrenean. Bertsolari aheztarrak gazteen garrantzia laudatuz erran hitzak hartu ditu lelo gisa Bertsularien Lagunak elkarteak bosgarren edizio honetan. 15 bertsolarik hartuko dute parte aurtengo Lapurdi, Nafarroa Behere eta Zuberoako lehiaketan.

«Xahar batentzat hamabortz gazte/ heldu direla ondotik» erran zuen Mattin Treku bertsolariak bere puntu ezagunenetako batean. Bada, bere hitzak eta bizitza aurtengo Xilabako hainbat eremutan nabarmenduko dira, txapelketa bera gazteen indarraren izpirituarekin sortu baitzen. Hamabost dio Mattinen esaldiak, eta hori da aurtengo Xilaban parte hartuko duten bertsolarien kopurua, eta denak gazteak. Parte hartzailerik zaharrena aurreko edizioko txapelduna dugu, 1982an jaiotako Sustrai Colina. Berarekin izango dira azken txapelketan bigarren eta hirugarren izandako Maddalen Arzallus eta Odei Barroso.

Txapelketaren bosgarren edizioan bi parte hartzaile berri izango direla eta bi zahar itzuliko direla ere ezin ahaztu. Hala, Kerman Diaz eta Nahia Sascoren bertsoak ezagutuko ditugu eta Amets Arzallus eta Miren Artetxe berriro ikusiko ditugu taula gainean. Beraiekin batera Aitor Servier, Battitt Crouspeyre, Egoitz Zelaia, Eneritz Zabaleta, Maddi Sarasua, Ortzi Idoate, Ramuntxo Christy eta Xumai Murua ariko dira.

Xalbadorren garaikide eta lagun, Ahetzen sortu zen 1916ko azaroaren 11n Mattin Treku. Bada, Baionan ospatuko den finala, bere jaiotzaren 100. urtemugaren biharamunean eginen da. Aurretik, bi kanporaketa izango dira, lehena Donibane Lohizunen irailaren 24an eta bigarrena urriaren 1ean Muskildin. Bigarren hori Muskildi Bizi elkartearen laguntzarekin antolatuko da.

Lau finalaurreko izango dira; Baigorrin urriaren 8an Basaizea elkartearen laguntzarekin, Izturitzen 15ean Artetxea elkartearen eskutik, 22an Aiziritzen Zabaliken kolaborazioarekin, eta, azkenik, Larresoron 29an Ote Lorerekin.

Adur Larreak eginiko afixan ere Mattinen eta bere hitzen presentzia sentitzen da. Espartinak daramatzan gizon baten hankak ikusten dira mikrofono baten aitzinean, bere atzean hainbat pertsonen itzala dela.

Gai-jartzaileak eta epaileak

Hamabost badira bertsolariak, hamaika dira gai-jartzaileak: Amaiur Lujanbio, Iban Falxa, Ihintza Ostolaza, Joana Itzaina, Karlos Aizpurua, Amaia Kastorene, Maiana Irigoien, Pantxika Solorzano, Bixente Hirigarai, Pettan Prebende eta Xan Alkhat. Epaile gisa Joakin Arregi, Beñat Soule, Erik Etxart, Lierni Elortza, Eneko Bidegain, Iban Thicoipe, Abel Zabala eta Zuhaitz Olazabal ariko dira txapelketan zehar.

Azkenik, Bertsularien Elkartetik iaz gogoeta urtea izan zutela plazaratu nahi izan dute: «Gogoeta luze eta emankorra, egunez egun elikatu eta aitzinarazten duguna, eta egunez egun ekintzetara eramaten duguna».

 

Amets Arzallus txapeldunak berriz ere hartuko du parte

2013ko Bertsolari Txapelketa Nagusia irabazi ondoren 2014an ospatu zen Xilaban parte ez hartzea erabaki zuen Amets Arzallusek. Aurten, aldiz, sortzen lagundu zuen txapelketara bueltatzea erabaki du. «Naturalki eta ilusioz» hartutako erabakia izan dela erran du. Txapela irabazi ondoren «pausa bat» hartu zuen. Orain, berriz, indarberrituta itzuli da: «Aurten Xilaba da, heldu den urtean Euskal Herriko Txapelketa, eta berriz bidea hartzeko prest nago». I.E.