Ashima Shiraishi nerabea gizonezkoen elitearekinbat egiteko gai izan da
Uda honetan Australiako Grampians alderdi entzutetsura eginiko bidaian, 15 urte besterik ez dituen neska estatubatuarrak «Sleepy rave» egin du. 8c graduko bere bigarren blokea da; lehena, «Horizon» izan zen.
Bere garaian Josune Bereziartuk kirol eskaladan egin zuen bezala, egun Ashima Shiraishi gai izan da nazioarteko kirol eskaladako zein blokeko elitearekin bat egiteko. Bi protagoniston artean, ordea, bada azpimarratzeko eite bat. Eta hori adina da. Heldua zela, gipuzkoarrak goi mailako jarduerak egin zituen; estatubatuarrak, berriz, haurtzaro eta nerabe garaian.
Egun soilik 15 urte ditu, eta dagoeneko mundu mailan lehen lerroan dago. Blokeari dagokionez, udan honetan Australian izan da; hain zuzen ere, Grampianseko Hollow Mountain Cave sektore entzutetsuan. Eta han «Sleepy rave» blokearekin (8c) egin da. Era horretan, nerabe honek bere bigarren 8c lortu du; lehena, “Horizon” (Japonia) pasa den martxoan erdietsi zuen. Gogoratu behar dugu gradu hori lortu duen neska bakarra dela.
Berri honek duen garrantziaz jabetzeko, aipatu behar dugu hedabide askok eta askok eliteko mutilek patrikara eramaten dituzten 8c graduko blokeen inguruko berriak azpimarratzen dituztela. Adibide gisa, uda honetan, luze eta zabal hitz egin da Hegoafrikan dagoen sona handiko Rocklands izeneko alderdian Dave Graham, Nalle Hukkataival eta enparauek igotako “Monkey wedding” blokeari (8c) buruz.
«Egun berezia»
Hori bai, “Monkey wedding” blokearekin alderatuta, “Sleepy rave”-ren inguruan ez dago adostasun zabalik; ez zailtasunean ezta blokearen izaeran ere. Dai Koyamada japoniarra izan zen korapilo hori askatu zuen lehena. 2004an izan zen, eta ordutik errepikapen bakan batzuk baino ez ditu izan. James Kassay zein Shiraishi berak uste dute 8c dela. Chris Webb Parsons eta Alex Barrowsek, aldiz, diote blokeko 8b+ edo 8b dela, eta, bideen eremuan, 9a edo 8c+.
Zailtasuna bata ala bestea izan, estatubatuarrak argi erakutsi du lehen lerroan dela; eliteko gizonezkoen pare. “Sleepy rave”-ri buruz, nerabeak adierazi du bloke hori egiteak ia ezustean harrapatu duela: «Orain dela gutxi, rokodromo batean 14 metroko erorikoa izan nuen. Zorionez, ondo osatu naiz. Hala ere, ez nengoen oso ziur gai izango nintzenik bloke hori sinatzeko. Horregatik, pozarren nago; oso berezia izan da».
“Horizon”-ekin alderatuta, Australian egin berri duena errazagoa dela uste du: «Askoz ere luzeagoa da; ezberdina. ‘Horizon’-ek potentzia eta indar asko eskatzen ditu; ‘Sleepy rave’, berriz, oso-oso luzea da».

El Patronato del Guggenheim abandona el proyecto de Urdaibai

El PP amenaza con el exterminio político a EH Bildu y sin tener turno de palabra

El exalcalde de Hondarribia fichó por una empresa ligada a Zaldunborda

«Tienen más poder algunos mandos de la Ertzaintza que el propio Departamento»
