GARA
BILBO

Busturiko presoen «muturreko egoera» salatzeko herri ekimena abiatu dute

Ibon eta Eneko Goieaskoetxea eta Kepa Arronategi Busturiko presoek «bizi duten muturreko egoera» salatu du herrian sortu den euskal preso politikoen aldeko plataformak. Ekimenak jakitera eman duenez, Ibon Goieaskoetxea Estatu frantseseko Valence espetxean dute, Euskal Herritik mila kilometrora. Kartzela «esperimentala» da; hala, ziegan ez ezik edozein lekura doazenean daude giltzapetuta presoak. Gainera, «presoek ez dute inongo jardueratan parte hartzeko aukerarik». Gaineratu dutenez, Busturiko presoak eta berarekin batera dagoen Aletxu Zobaranek «denbora luzea» daramate zigor ziegan «bisitei uko eginez», euren eskubideak aldarrikatzeko.

Eneko Goieaskoetxea Alcala Mecon dago. «Isolamenduko moduluan dago, lehenengo graduan. Larriena da bakar-bakarrik dutela. Ez dauka inolako harremanik beste presoekin, horrek eragiten duen kalte psikologikoarekin», salatu du Busturiko plataformak.

Espetxean ia hogei urte eman dituen Kepa Arronategi, azkenik, Almerian dago preso. Lehenengo graduan dago busturiarra, eta «eguneko 24 orduetatik 20 ziegan giltzapetuta ematen ditu». Nabarmendu dutenez, egoerak «kostu ekonomiko eta psikologiko» handia eragiten die presoaren hurbilekoei.

Zehaztutakoaren arabera, eskualde osoak bat egin du plataformak martxan jarritako gutun bidalketa masiboarekin. Atzo ehun lagun elkartu ziren Ibon Goieaskoetxeari elkartasuna helarazteko, eta, iragarri dutenez, gutun bilketarekin jarraituko dute San Migel auzoko festetan.