Idoia ERASO
BAIONA

Seaskak lizeo berriko materiala finantzatzeko kanpaina jarri du abian

Baionan 2017an irekiko den Bernart Etxepare lizeo berriko materiala finantzatu ahal izateko “Euskararen sagartzea” kanpaina abiatu du Seaskak. Sagarrondoen salmentari esker, beharrezkoak diren 300.000 euroak biltzeko xedea du Ikastolen Federazioak. Erosleak norbanakoak zein udalak izan daitezke.

Zuhaitzek euskal kulturan duten garrantzia hartu dute kontuan. Ikasleak bezala sagarrondoak ere askotarikoak izango dira: anisa, peatxa... “Hazten gaitu, hazten dugu” da kanpainaren leloa: «Sagarrondoa, euskara bezala, erabilgarria eta eraginkorra da, baita etorkizunerako ere».

Erosleek sagarrondoak eskuratzeko aukera izango dute, noski, baina, nahiago badute, Seaskak egingo duen “Euskararen sagardian” landatuko dira. Zuhaitzontzat gune bat baino gehiago lortu nahi dute, eta, horretarako, hainbat herriko etxerekin lanean ari dira. Betxepare.eus helbidean eros daitezke sagarrondoak, 30 eurotik hasita nahi den kopurua ordainduz.

Kanpaina 2017ko ekainera bitarte luzatuko da, eta hainbat ekimen egingo dira. Besteak beste abenduaren 17an sagarrondoak banatuko dira, urtarrilean sagarno sasoia irekiko da, eta, ekainean, Sagarno Eguna ospatuko da Baionan. Otsailean landatuko dituzte sagarrondoak.