Azaleratu ezin den amorruari buruzko kontakizun hirukoitza da «Ikari»
Polizia zergatirik gabeko hilketa bat ikertzen ari den bitartean, hiru lekutan gertatzen diren istorio paraleloak ageri dira pantailan. Lee Sang-il zuzendariaren esanetan, edonork barruan izan lezakeen amorruari buruzko istorioa da «Ikari», baina pertsonaiek sentitzen dutena publikoari sentiarazteaz arduratu dela argitu zuen.

Lee Sang-il zuzendariaren azken apustua amorruari buruzko suspense drama bat da. Bere aurreko bi filmak bezalaxe, Shuichi Yoshida idazlearen nobela batean oinarritua da “Ikari” (“Rage”).
Euskaraz bota zuen lehenengo hitza. «Eskerrik asko, Donostia», esan zuen zuzendari japoniarrak prentsaurrekoan, eta hiria dotorea dela eta tradizioz betea dagoela iruditu zitzaiola aipatu zuen. Ondoren, Ken Watanabe aktoreari hitza eman eta honek gaztelaniaz idatzita zuen testu bat irakurri zuen: «Filmak bihotzetik datozen sentimendu konplexuak irudikatzen ditu. Publikoak nola hartu duen jakiteko jakin-minez nago», aitortu zuen.
Azalpenak ematen hasita, “Ikari” lanak konfiantzari buruz diharduela esan zuen. «Protagonistek sufritu egiten dute beste pertsonekin mesfidati jokatzen dutelako, ez dietelako euren bihotza zabaldu. Japonian estreinatu da jada filma eta pertsonaiekin identifikatzen dela diote ikusleek, eta horien egoeran egongo balira ez luketela jakingo nola erantzungo luketen», esan zuen aktoreak.
Zuzendariak, berriz, filmari buruzko xehetasun gehiago eman zituen. «Amorrua esan nahi du ‘ikari’-k. Baina ez da garrasiekin ateratzen den amorrua, baizik eta pertsona guztien barruan dagoena, azaleratu ezin dena. Hori irudikatu nahi nuen», aipatu zuen. Izan ere, istorio desberdinen bidez gizarte japoniarraren zenbait arazo agertzen ditu lanak.
«Batzuetan zaila da beste norbaiti zure sentimenduak helaraztea. Gertatzen zaizuna konta diezaiokezu, baina zaila da zuk sentitzen duzuna besteari sentiaraztea. Filmean pertsona bat negarrez badago, publikoak badaki triste dagoela, baina ez du ulertzen zergatik. Nik publikoak pertsonaia bakoitzari zer gertatzen zaion ulertzea nahi nuen», aipatu zuen.
Hiru susmagarri
Filma bikote baten hilketa bortitzarekin hasten da. Poliziak ez du zergatirik aurkitzen eta hiltzailea nor den ere ez daki. Erretratu robot bat egitea lortzen dute eta telebistan jartzen dute. Bitartean, hiru istorio kontatzen dira: gay giroko auzo batean bi mutilek topo egiten dute; bi nerabe irla txiki batera joaten dira eta bertan, ezkutuan, etxerik ez duen gizon bat ezagutzen dute; eta arrantzale herri batean iragan nahasia duen neska batek portuan lanean hasi den mutil bat ezagutzen du.
Hiru istorio horiek garatzen diren heinean, Poliziaren ikerketa aurrera doa. Erretratu roboteko mutilak antza du aipatutako istorioetako mutil misteriotsuekin, eta euren ingurukoek haiengan duten konfiantza kolokan jartzen da.
«Hiru pertsonaia horiek badute gauza amankomun bat; hots, bihotzean duten zauri sakona. Gainontzeko pertsonaiak ere batzuetan berdin sentitzen dira, gizartetik kanpo», kontatu zuen Watanabek. Aktore honek orain arte egin izan dituen pertsonaiak gogorrak eta zuzenak ziren, baina oraingo honetan gizon misteriotsu horietako batekin harremana hasten duen neskaren aitaren papera egiten du, zalantzati samarra dena. «Zaila izan da paper horretan sartzea. Hobeto sentitzen hasi nintzen alabarekin duen harremanaren berri izatean», kontatu zuen.

El Patronato del Guggenheim abandona el proyecto de Urdaibai

El PP amenaza con el exterminio político a EH Bildu y sin tener turno de palabra

El exalcalde de Hondarribia fichó por una empresa ligada a Zaldunborda

«Tienen más poder algunos mandos de la Ertzaintza que el propio Departamento»
