J.L.
TRONTZA

Nesken Euskal Herriko finala jokatuko da eta mistoetan, berriz, kanporaketa

Trontzak protagonismo handia hartuko du asteburu honetan. Alde batetik, Euskal Herriko mistoen kanporaketa jokatuko da gaur, eta bihar, berriz, nesken finala.

Mistoen kanporaketa 19.00etan jokatuko da gaur, Larrabetzuko pilotalekuan. Bikoteok jardungo dira: Ispizua anai-arrebak, Egurrola eta Zubizarreta, Garmendia anai-arrebak, Astondoa eta Etxebarria, Ansorregi eta Agirre, Etxaburua eta Aizpurua, Iraizoz eta Barberena, Ontsalo eta Eugi eta Sorondo eta Urrutia.

Bihar, berriz, Euskal Herriko emakumezkoen finala jokatuko da Uharte-Iruñean; aizkolariekin batera lehiatuko dira. Iraizoz ahizpak, Ontsalo eta Astiazaran eta Sorondo eta Garcia trontzalariak izango dira norgehiagokan arituko direnak. Bikote bakoitzak 45 ontzakoari 10 epai eman beharko dizkio enborra etzanda jarrita. 

Lasto-altxatzean, berriz, gaur jokatuko da 19.00etan Aizarnazabalen Euskal Herriko finala. Lauzirika, Ardeo, Amande, Tubi, Ituarte, Argaia, Arbenoitz, Govaert eta Menegaux jardungo dira lanean. Tubi da faborito nagusia.