Jon LEUNDA
errugbia

Avironek aurkariari erraztasun handiak emanez jarraitzen du

Lapurtarrek lehen ordu erdi txukuna egin dute, baina hortik aurrera etxekoak jaun eta jabe izan dira amaierara bitartean.

LA ROCHELLE 34

AVIRON 17


Baionako Avironek astindua hartu zuen atzo Arroxelara egindako bidaian, eta, uneotan bere egoera larritzekoa ez bada ere, oraindik Liga hasi besterik ez delako egin, kezkatzeko arrazoiak egon badaude. Izan ere, azkeneko partidetan itxura kaskarra ematen ari da Aviron, eta atzo ere horrelaxe izan zen.

La Rochelle taldea oso indartsu dabil. Denboraldi hasiera paregabea egin du, eta joan aurretik Baionako taldeak bazekien neurketa oso zaila izango zuela. Baina etxeko taldeari oraindik eta errazago jarri zizkion gauzak Avironek, lapurtarrek gauza gutxi egin eta aurkariari oso norgehiagoka erosoa utzi baitzieten, batez ere bigarren zatian.

Avironek ez zuen partida gaizki hasi; aurkaria estutu zuen, nahiz eta etxekoek izan baloiaren jabetza. Bi aldiz aurreratu zen La Rochelle bi zigor-kolpe baliatuz, eta bietan baionarrek berdindu egin zuten. Hala ere, gauzak ordu erdia pasatxo hasi ziren okertzen, orduan iritsi baitzen etxekoen lehenengo entsegua, eta horren jarraian bigarrena. Gainera, biak gauzatu egin zituen La Rochellek, atsedenera 20-6 aurretik joateko.

Bigarren zatiaren hasieran Avironek bi zigor-kolpe gauzatu zituen, eta bazirudien gauzak estutzen joango zirela, baina frantziarrek gauzatutako entsegu batekin erantzun zuten, eta hortik aurrera bidea oso erraz izan zuten, garaipen erosoa lortuz. Denbora amaitzear zegoela iritsi zen zuri-urdinen entsegu bakarra, baina horrek markagailua itxuratzeo bakarrik balio izan zuen. Egia esan, kezkatzeko arrazoiak badaude Baionan, izan ere, bigarren zatietan izaten ari den beherakada hori konpondu beharra dago, eta entseguak lortzeko ere ikaragarrizko arazoak izaten ari da talde lapurtarra. Garbi dago Avironek ahalik eta azkarren behar duela garaipena, zuloan ez geratzeko.