Joseba SALBADOR
DONOSTIA

Gipuzkoa, EAJ eta EH Bilduren arteko lehia estuaren lekuko

Espero zen bezala, EAJren eta EH Bilduren arteko lehiaren lekuko izan da Gipuzkoa. Partida, azkenean, jeltzaleen alde suertatu da, boto kopurua mantendu duelako. EH Bilduk Podemosen presentzia nabaritzen jarraitzen du, azken honek ezker abertzalearen botoen erdia lortu arren.

18.808 boto. Horixe da atzoko hauteskundeetan Gipuzkoan EAJ alderdiak (116.989) EH Bilduri (98.181) ateratako aldea. Kopuruari dagokionez, jeltzaleek ez dute goraka handirik izan, iazko udal hauteskundeetan 112.933 boto-paper lortu baitzituzten eta 2012ko autonomikoetan 113.978, bai ordea portzentajean (%34,17). Boto kopuru horrekin, Joseba Egibarrek gidatutako zerrendak bederatzi parlamentari bidaliko ditu Gasteizera, inkesta gehienek aurreikusi bezala.

Maddalen Iriartek gidatutako EH Bilduren hautagaitzak, bere aldetik, alderdi berrien presentzia nabaritu du berriz ere. Orain dela lau urte aspaldiko emaitza onenak lortu ondoren (114.460 boto), iaz 103.101 eskuratu zituen (Podemos dagoeneko tartean zen), eta, oraingoan ehun mila botora hurbiltzea lortu arren, zertxobait azpitik geratu da (98.181, botoen %28,68). Abstentzio altuak ere (%38,13) eragina izan du ziurrenik ezker abertzalearen hautagaitzan. Parlamentariei dagokionez, zortzi dira Legebiltzarrera joango direnak, hainbat inkestek emandakoak baino bat gehiago.

Iazko hauteskundeetatik, beraz, 5.000 boto eskas galdu ditu EH Bilduk, justu Elkarrekin Podemosek azken urtean irabazitako kopuru bera, 43.136tik 48.338ra pasa baita (5.202 gehiago). Hori bai, pasa den ekaineko hauteskunde orokorretan lortutako 103.523 botoetatik urrun geratu da Elkarrekin Podemos. Ordezkari kopuruari dagokionez, inkesta gehienek Pili Zabalak gidatutako zerrendari bost parlamentari ematen arren, hiru baino ez ditu lortu.

Baina Elkarrekin Podemosek iazko udal hauteskundeekin alderatuta lortu dituen 5.000 boto horietan ere zerikusia izan lezake PSEk jasandako jaitsiera, azken honek 40.262 boto besterik ez baititu lortu (iaz 59.046), guztira hiru parlamentari.

PPk 24.622 boto eskuratu ditu, iaz baino 5.234 gehiago. Kopuru horrekin zituen bi parlamentariak mantenduko ditu.

Gotorleku historikoak

Gipuzkoako herri nagusienei dagokionez, EH Bilduk eta EAJk historikoki izan dituzten gotorlekuak mantendu dituzte. Horrela, ezker abertzalea lehen indarra izan da Andoainen (EAJrekiko 22 botoren alde txikiarekin, herrialde osoko lehiaren ispilu), Azpeitian, Bergaran, Errenterian, Hernanin, Lezon, Oiartzunen, Oñatin, Usurbilen, edota Villabona-Amasan, besteak beste.

EAJ, aldiz, honako herriotan gailendu da besteak beste: Donostia, Arrasate, Eibar, Elgoibar, Hondarribia, Irun, Legazpi, Pasaia, Tolosa, Urretxu, Zarautz edo Zumarraga.

Elkarrekin Podemosek ez du lortu inon lehen indarra izatea, baina Errenterian, adibidez, hirugarren izan da 3.507 botorekin. Zarautzen ere (Pili Zabala hautagaia bertan bizi da) ez du lortu EAJ eta EH Bilduri aurrea hartzea. PSEk herri bakar batean irabazi du, Lasarte-Orian, EAJrekin lehia estuan.