Nina Caprezek bikain jardun du«Divine providence» bidean
Suitzar eskalatzailea Grand Pilier d´Angle-ko (Mont Blanc) marra mitiko eta gogor hori (7b, 900 m) igo duen lehen emakumezkoa da;eta, gainera, bistan egitea lortu du. Benoit Merlin izan du sokakide, eta, guztira, bi eguneko eskalada egin behar izan dute.
Oporren osteko kronikekin hasi ginenetik, pareta alpinoetan jardun duten emakumezko eskalatzaileak protagonismoa hartzen ari dira orriotan. Lehena, Caroline Ciavaldini izan zen. Bigarrena, berriz, Federica Mingolla. Eta hirugarrena Nina Caprez dugu; izan ere, uda honetan gai izan da Grand Pilier d´Anglen (Mont Blanc) dagoen “Divine Providence” bidea eskalatzeko. Hori egiten lehen emakumezkoa da, eta, hori gutxi izango balitz, marra oso-osoa bistan egin du.
Hirurek ala hirurek kirol eskaladan hartutako sasoia pareta alpinoetan ondo baino hobeto uztartzen jakin dute. Berez frikiak dira, baina horma alpino horietan egiten ari direna azpimarratzeko modukoa da.
Eskalada estilo horretan eskarmentu txikia du Caprezek. Hainbat luzetako bide gogorretan izan da, baina gutxitan. Aipatzekoa da iaz Barbara Zangerlekin batera “Unendliche geschichte” (8b+, Ratikon) igo zuela.
“Divine providence”, berriz, ezberdina da oso. Zailtasunean ez da hain gogorra (7b), baina ekipatu gabe dagoen 900 metroko hormatzar alpino batean jarduten da. Eta, jakina, garaierak ere bere eragina du; 7b gradua 4.000 metrora eskalatzen da.
Hain zuzen ere, suitzarrak adierazi duenez, aipatutako eite horiek marraren sarean erortzera eraman zuten: «Oraindik ez nago ziur zerk bultzatu ninduen ‘Divine providence’ igotzera. Uste dut zer edo zer magikoa izan dela. Batzuetan ‘ausardiak’ izaera horretako jarduerak egitera bultzatzen zaitu. Eta, agian, hori izan da giltza. Fourche izeneko bibakean zaudela, orduan bai, “Divine providence”-k duen indarraz jabetzen zara. 900 metro luze den hormatzarra pare-parean duzu: handia, dotorea, beldurgarria... Eta horrek guztiak bide hori eskalatzea eskatzen dizu».
Mont Blanceko pareta alpino horretara joan aurretik, protagonistak sasoi puntua hartzen jardun zuen: Chardonnet, Trident, Grand Capucin...
Bistan egin du
Merlin eta Caprezi hiru egunerako eguraldi ona iragarri zieten, eta, denbora galdu gabe, Fourcheko bibakera abiatu ziren.
Biharamunean, goizeko lauretan pronto ziren. Zazpietarako errimaia zeharkatzen ari ziren, eta di-da batean bidearen oinarrian jarri ziren. Horman egin beharreko lehen bibakera heltzeko 400 metroko eskalada zuten: «Gu 1992. urtean talde frantses batek zabaldutako aldaretik igo ginen. Luze horiek bide originala baino zailagoak dira, baina arrokaren kalitatea askoz ere hobea da. Nahiz eta aurreneko metro horietan beldur pixka bat banuen, gustura sentitu nintzen segituan. 5c eta 6b arteko luzeak gainditzen joan ginen. Bizkar-zakuen pisua nabaritzen genuen, baina arroka nahiko sendoa zenez, asko gozatu genuen. Arratsaldeko lauretarako bibakean ginen. Ez da bibak soil bat, baizik eta ametsetako bibaka. Ia 500 metro oinen azpitik, mendi eder batzuk ondoan... Pozarren ginen!».
Biharamunean, bestalde, bidearen zailtasun tekniko gogorrenei ekin behar zieten. Suitzarrak dio bigarren eskalada egun hori benetan bikaina izan zela: «Eguraldia lagun, 6b eta 7b arteko hamar luze gainditu behar genituen. Eta hori guztia, gainera, aparteko granito batean. Hurrengo zortzi ordu horiek hitz soil batekin definituko ditut: liluragarria».
Arratsaldeko hiruretan arrokan egin beharreko lanak bukatu zituzten, ondo bukatu ere, Caprezek luze guztiak bistan eskalatu baitzituen. Beste 250 metro mistoko eskaladan, eta pixkaka-pixkaka sokada Peuterey ertzera heldu zen. Iluntzeko 9:00etan Mont Blanceko gailurrean ziren: «Leher eginda, baina bizirik sentitu nintzen».

«El algoritmo se ha erigido en una arma de guerra»

A Xabi Alonso y al Real Madrid se les rompió el amor de tanto usarlo

«El imperio norteamericano quiere llevarse el petróleo sin pagar»

Una iniciativa europea contra el pacto UE-Israel busca un millón de firmas
