gara, donostia
Miren Aranoa
KOLABORAZIOAK

Etorkizunera bidaia

O spakizun urtea dugu Eusko Alkartasunaren baitan, gure proiektuak hiru hamarkada betetzen dituelako aurten. Eta zorioneko gara, bai, Nafarroara aldaketa ekartzeko gure ahaleginak eta lanak emaitzak eman dituelako. Eta Araba, Bizkaia eta Gipuzkoan ere, elkarlan eta adostasun zabaletarako aukerak ireki direlako. Ez genuen opari ederragorik jasoko. Atzera begiratuz gero, oroitzapen ugari etortzen zaizkigu, gozoak eta garratzak, zailak eta oparoak, baina den-denetan errepikatzen dira familia honetan barneratuta ditugun balio zenbait: herriaren ongizatea, herritarren eskubide eta askatasunak lehenestea; aniztasuna eta elkarlana bultzatu eta goraipatzea, eta testuinguru guztietan, bakea eta elkarbizitza defendatzea. Ibilbidea mugitua izan da, baina gure funtsak tinko mantendu dira. Une zailetan, apustua egin genuen hiru balio horien alde, sinetsiz, herri aske eta demokratiko baterako zutoinak zirela. Denborak zutoin horiek haritzondo hostotsu bilakatu ditu. Noski, urteak urte, bidelagunak aldatuz joan dira eta bide horretan benetako lagun minak egin ditugula ezin uka.

Edozein erlazioren hasieran errepikatzen dira bi zalantza: elkar ulertzea lortuko al dugun eta harremanak iraungo ote duen. Esperientzia ugari izan ditugu zentzu horretan; batzuk ernatu dira, giltzarri izan dira, besteetatik jakintzak eta heldutasuna atera ditugu. Borondatea, erabakia eta ausardia behintzat ez zaizkigu falta izan. Askorentzat espedizio arriskatua izan da, eta izaten jarraitzen du. Ez al da hori bada edozein bidaiak duen xarma? Nahiak eta gogoak mugarik gabe, oztopoen gainetik, aurkako ingurumarian ere, jarraitzea?

Maddalen Iriarte EH Bilduko hautagaiari berriki entzundako hitzak etortzen zaizkigu gogora… «Hau ez da abentura bat, gauzatu daitekeen proiektu ilusionante eta irekia baizik. Abentura izatekotan, askatasunaren abentura da...». Askatasunaren abentura. Kontzeptu ederra. Eta zergatik ez, lorgarria. Guk, zalantzarik gabe, bidaia horretan parte hartu nahi dugu. Eta gurekin batera nahi zaituztegu ametsak dituzuen emakume eta gizonak, gizarte aurreratu eta justuago bat lortzeko ideiak eta proiektuak dituzuen gizon-emakumeak. Anbizioz eta ilusioz, etorkizunera bidaia egiteko prest zaudetenak.

Eusko Alkartasunako kideokbeti sinetsi izan dugu herri honek baduela nahikoa gaitasun eta baliabide Estatu propio bat eraikitzeko eta bertako herritar guztiei oparotasuna eskaintzeko. Eta bertute horiek indartzen jarraitu behar dugu, egunerokoan. Gure politika, amets eta helburuek ez diezaiotela Estatu espainiarrari begiratu, ez gaitezela konformatu gu baino okerrago dauden herri eta komunitateekin alderatuz. Eraiki dezagun gure herria, zentzurik zabalenean, ikuspegi sozialetik, ikuspegi kulturaletik, ikuspegi ekonomikotik. Baketik, elkarbizitzatik, berdintasunetik, errespetutik, tolerantziatik.

Herri erakargarria eraikitzea dugu erronka, non bertako herritarrak harro egonen diren, ez muga batzuez, ez izen batez, baizik herri horrek eskaintzen dizkien aukera, zerbitzu eta etorkizunaz. Non, bereziki, emakume eta gazteek aukeraz eta berdintasunez beteriko bizitzaz gozatuko duten. Gure zerga sistema propioak, gure hezkuntza propioak, gure baliabide ekonomikoek, gure azpiegiturek, gure ongizate sistemak, gure lan baldintzek, gure zerbitzu publikoek, gure justizia sozialak, gure kultura aniztasunak; horrek erakarriko ditu gehiengoak, horrek egingo gaitu herri, horrek eginen aske.

Herri izaera hori, bertutez eta eskubidez hornituriko herritar izaera lantzen dugun bitartean iritsiko da unea, erabakiko duguna zein erlazio izan nahi dugun Espainiako lagunekin, Katalunia independente bateko lagunekin, mugaz besteko lagunekin, nahiz Europarekin eta nazioarteko herriekin. Munduan barrena bizi garen eta mundura zabaldu nahi duen herria garelako. Eta horretarako ez dugu baimenik behar, borondatea eta adostasuna besterik. Horretan saiatuko gara. Zerbait bagara, tematiak garelako; mugituak, grinaz beteak, konprometituak, geldigaitzak.

Bada Ken 7 taldearen abesti bat hau dioena: «Ez gara izan onenak, beharbada, baina gure bizitza izan da». Ziur gara ez dugula beti asmatu, nahiz eta asmo onez jokatu. Askotan gizartearen aurretik joan gara, eta beste hainbatetan atzean gelditu. Egia da, halaber, herri gisa heldutasun demokratiko handiagoaren beharra dugula oraindik ere, kultura eta esperientzia desberdinetatik edan behar dugula. Zorteko gu, horretarako aukerak ireki zaizkigulako. Garai berriak dira eta gutako bakoitza, nor bere erritmoan, egokitzen ari gara. Azala aldatzen. Konplexuak alboratzen. Begi eta belarriak zabaltzen. Emozio, belaunaldi, desira, pentsamolde eta bizipoz berrietara ohitzen. Gauza bat, ordea, argi dugu: akatsekin edo abileziekin, gurea da bizitza eta gurea etorkizuna.

Esan ohi da garai guztiek omen dutela bere xarma, historikoak dira bakoitza bere neurrian. Gutxitan aurkitu gara, ordea, gure gizartean aldaketa kultural zoragarria izan daitekeena lortzetik hain gertu. Hain baldintza onetan, politika ekonomiko eta sozial eraldatzaile, aurrerakoi eta aitzindariak garatzeko. Eusko Alkartasunatik aukerari heltzera goaz eta ziur gara gizarteak ere helduko diola aldaketan sakontzeari. Jarrera eraikitzaile eta sortzailearekin. Ezberdinez osaturiko Nafarroa eta Euskal Herri desberdin bat eraikitzeko kolore guztiok egon behar dugulako presente, eta inoiz baino modu aktiboagoan eragin, bakoitzak bere alea jarriz, loraldia anitza izan dadin.

Etorkizuneko bidaiaren lehen pausoak emanak dira eta bideak aurrera jarraitzen du. Eskerrik beroenak eta izan bitez zorionez beteriko beste hainbat hamarkada!