Nagore BELASTEGI
80 URTEREN OSTEAN

EUZKADIKO GUDONTZIDIKO AZKEN MARINELAREN HITZAK

BERMEOTIK IRTEN ZEN JUAN AZKARATE 14 URTE ZITUELA SORTU BERRI ZEN EUZKADIKO GUDONTZIDIAN IZENA EMATEKO. GRANOLLERSEN BONBARDAKETA BAT JASAN ZUEN ETA ONDOREN KONTZENTRAZIO ESPARRU BATEAN IZAN ZEN. 80 URTEREN OSTEAN, BERA DA BIZIRIK GELDITZEN DEN ARMADAKO KIDE BAKARRA.

Juan Azkarate bermeotarrak 94 urte ditu eta bizirik dagoen Euzkadiko Gudontzidiko kide bakarra da. 14 urterekin eman zuen izena armada horretan, zeinek euskal kostaldea babesteko ardura zuen. Bera bezala Errepublikaren alde borrokatu zirenen memoria oroitzeko omenaldia egin zioten atzo Donostiako Untzi Museoan.

Adinak eta gerraren gordintasunak duten zama sorbalda gainean eraman arren, tente eta dotore iritsi zen portura, emazteak, semeak eta lehengusu batek lagundurik. Okasio berezia zen eta familia ere bertan egotea nahi zuen. Bertaratutakoen artean Gudontzidiko beste kideen senitartekoak ere izan ziren omenaldia eurena eginez.

Ekitaldia eskusoinu pieza batekin hasi zen, akorde lodi, luze eta tristez josia. Ondoren Untzi Museoko arduraduna den Soco Romanok hartu zuen hitza azaltzeko Euzkadiko Gudontzidia zer izan zen. «Euskal kostaldeko arrantza eta itsas trafikoa mantentzeaz arduratzen zen unitate militar berezia izan zen, Errepublikari laguntzeko sortu zena. 917 gizonek eta 3 emakumek osatzen zuten, eta horietako bat izan zen Juan Azkarate», esan zuen.

Honen segidan, Matxitxako Kultur Elkartearen izenean Jaime del Rio mintzatu zen. «1998an sortu zen elkartea hemen, Untzi Museoan, Gudontzidiari buruzko erakusketa baten harira. Marinelen senitarteko eta lagun talde bat elkartu zen eta, ordutik, urtero omenaldi bat egin izan diegu askatasunagatik eta demokraziarengatik borrokatu ziren pertsona horiei», kontatu zuen.

Elkartearen helburua marinel horien memoria berreskuratzea da, euren bizipenak jasoz eta senideen arteko harremana sustatuz. Gudontzidiaren 80. urteurrenean helburu hori bete dutela ikusi dute. Atzo Azkarateri egindako omenaldia horren seinale da.

Hiru urte gerran

Azalpen horien ostean, eta omenaldian bete-betean sartzeko asmoz, Denis Itxaso Gipuzkoako Aldundiko Kultura diputatuak Azkarateri buruz hitz egin zuen pixka bat. «Juan Azkarate eta Euzkadiko Gudontzidia gure memoria historikoaren parte dira. Askatasunaren, justiziaren eta euskal instituzioen defentsaren historia da hori, legalitatearen aurrean indarrez gerra bat egin nahi izan zutenen kontra joan zirenen historia», azpimarratu zuen.

Itxasok gaineratu zuen bera hunkitu egiten dela «hain gazte izanik askatasunarekin konpromisoa hartu zutenekin». Konpromiso hori eskertzeko, ikurrin bat eman zion omenduari, txalo artean, eta hitza hartzera gonbidatu zuen.

Gizona segituan animatu zen eta Bermeoko euskara berezian bere pasadizoen berri ematen hasi zen, bizitakoari nolabaiteko garrantzia kenduz. «Ez daukat kontatzeko askorik», esan zuen. Baina bai, badu kontatzeko asko. Azkaratek bizitakoa historiaren parte da, galdu ez dadin bildu eta betiko gorde beharrekoa.

14 urterekin armadan parte hartzeko boluntario aurkeztea ez da gauza arrunta, baina berak naturaltasun osoz azaldu zuen arrazoia: «Aita lubakietan zegoen eta ama 34ko iraultzan hil zen, itsasoan itota. Ni tokatzen zen lekura joan nintzen».

1937ko martxoaren 5eko Matxitxakoko itsas guduan lagun ugari galdu zituen eta bera libratu egin zen bere taldeko ontzia konpontzen ari zirelako. Ondoren Kataluniara abiatu zen eta Granollersen zegoela, 1938ko maiatzaren 31n, «Gernika bezala bonbardatu zuten». Eraso horretatik ere onik atera zen eta ihesean mugara gerturatu zen bere kideekin batera.

«Ezkutuan, ezkutuan... gerra amaitu arte. Orduan Irungo kontzentrazio esparru batean pilatu gintuzten. 40.000 pertsona geunden han. Eta hori guztia bizi ondoren hemen nago dena kontatzeko moduan», azaldu zuen gizonak omenaldia eskertuz.

Ekitaldia amaitzeko soinujoleak “Boga boga” kantaren bertsio bat jo zuen akordeoiarekin. Omenaldia amaitu zen baina ez historia babesteko grina. «Hori guztia ez ahazteko egiten dugu hau, Juan, ondorengoek ulertzeko zer egin zenuten eta zergatik», esanez amaitu zuen Denis Itxasok.