GARA
PORT-AU-PRINCE

Krisi humanitario larria dagoeneko 842 hildako zenbatu dituen Haitin

«Matthew» izeneko urakanak Haitin eragin duen krisi humanitario larriak kezkatuta dauzka bertan lanean ari diren gobernuz kanpoko erakundeak. Dagoeneko 842 hildako zenbatu dituzte herrialdean, baina adituek uste dute kopuru horrek oraindik gora egingo duela. Atzo goizean AEBetako hegoaldeko Florida estatua astindu zuen fenomeno meteorologiko beldurgarriak eta Rick Scott gobernadoreak herritarrei gomendatzen zien bertatik ihes egiteko.

Berrehun kilometro orduko abiadurako haizea eta sekulako euriteak utziz iritsi zen urakana Floridara. Kaleak huts-hutsik zeuden herri askotan eta etxe gehienetan argindarrik ez zuten. Bideak itxita ageri ziren, haize ikaragarriak bazter guztietara eramandako adar eta hondakinen eraginez. Hildako bat ere izan zuten Floridan, bihotzekoak jota, pazientea erietxera eramaterik izan ez zelako.

«Matthew» urakana zertxobait ahuldu zen ostegun gauean, baina agintariek atzo esan zuten oso arriskutsu izaten jarraitzen zuela. Floridan, Georgian eta Hego Carolinan uholde larriak espero zituzten. Obama presidenteak berak larrialdi egoera ezarri zuen, kaltetutako eremuetara baliabide gehiago eraman ahal izateko.

Baina AEBetako egoerak ez du zerikusirik Haitin dutenarekin. Camp Perrin, Les Anglais, Coteaux eta Arniquet bezalako udalerrietan duten egoeraren berri izan gabe, Babes Zibilak eta agintariek Reuters agentziari esan diote dagoeneko 842 hildako zenbatu dituztela. Egin dituzten kalkuluen arabera, 60.000 herritar daude urakana iritsi aurretik haitiarrak babesteko prestatutako eremuetan.

Haitiren hegoaldea da «Matthew»-k gehien kaltetutakoa. 30.000 biztanle dituen Jeremie hirian, esaterako, eraikinen %80 suntsitu zituen urakanak. Bertara argazkiak egitera joandako kazetariek esan dute egungo irudiek 2010eko lurrikara izugarriak utzitakoak ekartzen dituztela gogora (orduan 200.000 haitiar hil ziren).

Oxfam Intermon gobernuz kanpoko erakundeak premiazko nazioarteko mobilizazioa eskatu zuen atzo, egoera gaiztotzen ari dela ikusita. 2010eko lurrikararen ondorengo egoera kontuan hartuta, ur edangarria da gauzarik premiazkoena, kolera izurriteak saihestu ahal izateko. Gainera, nabarmentzen du milaka etxebizitza suntsitu dituela urakanak. Janariak eta eraikinak berriz zutitzeko materialak ere eskatu dituzte Oxfamekoek.

Unicef Nazio Batuen agentziak jakinarazi du 500.000 ume bizi dela gehien kaltetutako eremuetan. Agentziak 5 milioi dolar beharko ditu premiazko laguntza emateko. «Bideak itxita daudenez, kalteen benetako neurria ulertu ahal izatetik oso urruti gaude», dio Marca Vincent eledunak. 175 ikastetxe erabat kaltetu ditu urakanak, eta beste 150en bat etxerik gabe geratu diren herritarrak hartzeko erabiltzen ari dira, behin-behineko irtenbide moduan.