Jon LEUNDA
Aizkora

Lehen Mailarako bidean inork ez du hutsik egin nahi

Gaur arratsaldean, 18.00etan, jokatuko da Azkoitian Euskal Herriko Bigarren Mailako kanporaketa.

Aizkolaritzaren hilabeteak aurrera jarraituko du asteburu honetan, eta oraingoan Euskal Herriko Bigarren Mailako kanporaketa jokatuko dute gaur, 18.00etan, Azkoitiko pilotalekuan. Inoiz baino lehiaketa orekatuagoa agertzen da. Edozein sar daiteke finalean.

Arkaitz Jauregi, Jexuxmari Mujika, Luix Txapartegi, Aratz Mugertza, Xabier Zaldua, Eneko Otaño, Julen Alberdi, Ander Erasun, Aitor Senosiain, Oihan Larretxea, Julen Kañamares eta Mieltxo Mindegia neurtuko dira. Unai Otaño eta Arria V.a ez dira arituko. Ibarrakoak aizkolaritza utzi egin du, eta Errezilgoa min hartuta dago. Ondorioz, azkena sailkatzen dena jaitsiko da, baina horrek segur aski izango du Arriarekin kanporaketa jokatzeko aukera. Aizkolari bakoitzak hiru kana-erdiko, 60 ontzako bat eta oinbiko bat ebaki beharko ditu. Aurreneko seiak sartuko dira finalera.

Aurtengo kanporaketa oso estua ikusten da. Lehen Mailan eskarmentua duten aizkolari bat baino gehiago ere badaude, eta horietako batzuk finaletan ere izandakoak dira, Mujika eta Txapartegi, esaterako. Bi berriz, Alberdi eta Mieltxo Mindegia, aurreneko aldiz arituko dira Bigarren Maila honetan, baina biak datoz sasoiko. Azkoitiarrak Gipuzkoako Bigarren Mailako txapela jantzi du aurten, eta nafarrak ere maila honetako txapela lortu du, baina bere herrialdekoa. Beraz, aldeak ez dira handiak espero, eta deskuiduren bat duena finaletik kanpo geratuko da. Baina, horrez gain, aurreneko seien artean geratzeko norgehiagoka ez ezik, azkena ez geratzeko ere lehia izango da.

Kopa

Urrezko Aizkorako Kopako kanporaketa bat ere jokatuko da asteburu honetan, eta bihar izango da Pobesen, bertan aurrez aurre Jon Irazu eta Ruben Saralegi lehiatuko baitira 12.30ean. Bakoitzak hamar kana-erdiko ebaki beharko ditu. Garaipena lortzen duen aizkolariak aurrera egingo du.

Kanporaketa hau oso orekatua agertzen da. Bietako inork ez du lortu Euskal Herriko Lehen Mailako finalean sartzeko txartela, eta ondorioz prestakuntza ere apur bat jaitsia izan dezakete, eta hor ongien dagoenak irabazteko asko izan dezake.

Bestalde, bihar bertan, 18.30ean, Euskal Herriko ingude-altxatze Txapelketa jokatuko da bai mutiletan, eta bai nesketan. Emakumezkoek 10 kiloko ingudea erabili beharko dute, eta minutu eta erdian ahalik eta jasoaldirik gehien ematea izango da helburua. Karmele Gisasola, Maika Ariztegi eta Aurelie Vanschamelhout lehiatuko dira. Mutilek, 18 kiloko ingudea erabiliko dute minutu eta erdian, eta tarte horretan jasoaldirik gehien lortzen dituen kirolariak lortuko du txapela. Jon Lapazaran, Igor Armentia, Ioritz Pereira, Unai Ardeo, Imanol Martin eta Nicolas Nerou izango dira lehiatuko diren kirolariak.

Sega denboraldia amaitzera doa

Sega denboraldia amaitzear dago, eta azken orduko zerbait ez bada, bihar amaituko da Zaldibian, 12.00etatik aurrera jokatuko baita Mugertza baserriko belardietan nazioarteko erako Euskal Herriko finala. Aurten ez dute ligarik jokatu, eta dena egun batera egingo dute.

Gizonezkoek 100 metro karratuko sail bana ebaki beharko dute, eta neskek, berriz, 35 metro karratuko beste bat. Izenak aipatzerakoan, Esnaola, Gabirondo II.a, Erreka edo Mitxelena bertan izango dira. Nesketan, berriz, Imaz, Otamendi edo Astondoa ere lehian ikusiko dira. Antolatzaileek guztira hogei bat segalari inguru espero dituzte.

Baina hor ez da amaituko segako saioa, izan ere, gazteak eta gaztetxoak ere ikusi ahal izango dira lanean. Aurtengoz ez dute Euskal Herriko Txapelketa bezala jarri, erakustaldi moduan jardungo dira, baina datorren urtetik aurrera hauek ere lehiatzen jartzeko asmoa dago. Almitza Elkarteak antolatzen du.  J.L.