Julen Murgoitio
ZORROZTARRIA

Innobatu, demontre!

Bertsolariek bidea egiteko duten atzekoz aurrerako ibilera hori daukat beti buruan iltzatuta; barruko aldetik iltzatuta, jakina. Bide-orri hori gogoan, errazago egiten zait bideko hanka-sartzeak, potoak edota zalantzazkoak ulertu eta gainditzea. Azken batean, gaurdanik egindako aurre-ikuspenak baino inportanteagoak dira espero dugun biharretik egindako atze-ikuspenak, gaurko norabidea biharkoak markatu behar duelako. Horixe modua iraganetik atxikian izaten dugun inertzia behingoz uxatzeko! Atxikia ez dadin aitzakia izan.

Katalunian horretan ari dira, urratsez urrats propio, uneko konplexua kudeatzen ikasten, politika esaten den eremu horretan eraberritzen, Estatu inertzialetik datozen etenik gabeko mehatxuak naturaltasun osoz baztertzen. Aditz bakar batez esanda, innobatzen, demontre! Politika 4.0. Kantaurialdeko honetan, ostera, Politika 0.0n gara, momentuz sikiera, light, inertziaren kudeaketa helburu eta kudeaketaren inertzia helbide, lege zaharren izenean betiere. Ikusi beharko, aulkiak aulki eta buruak buru, astindu jatorrerako aukera dagoen, ganberaren zelaian behintzat, norabide argian innobatzen hasteko modukoa!

Ze, aurrekoz atzera eginda oraingoan, beheko Estatuak hemengo erabakiak geldiarazteko bere hango epaitegian jarri ohi dituen helegiteen harira, Lakuako Gobernuak erakutsi dituen haserrezko notiziekin Euskaltzaindiak atera berri duen hiztegi osatua baino liburu osatuagoa egin liteke. Pisuaz nabil, ez edukiaz. Ezinen katalogoa. Hortxe ageri da, argi, Estatua eta Gobernua zer gauza diferenteak diren, bigarrenaren lurraldea lehenengoarenaren parte denean. Hortaz, bat nator hankak lurrean, eta ez zeruan ez moketan ere, eduki behar direla esatean, baina argi izanda hemengo lurrak hemengo Estatuak gobernatu behar dituela; atzekoz aurrera, betiere.