J.L.
Sega

Mitxelena eta Gabirondo izan dira bi onenak

Amaitu da Euskal Herrian segalaritzako denboraldia, eta azkeneko ekinaldia Zaldibian jokatu zen igandean, nazioarteko erako Euskal Herriko finalak jokatu baitziren bai gizonezkoetan, baita emakumezkoetan ere, Almitza Elkarteak antolatuta.

Guztira 19 segalari lehiatu ziren gizonezkoen eta emakumezkoen artean. Giroa ere aparta izan zen, jende asko batu baitzen saio hauek ikustera. Emakumezkoek 35 metro karratuko sail bana ebaki behar izan zuten, eta gizonezkoek, berriz, 100 metro karratuko beste bat.

Emakumezkoetan beterano batek, Marialuisa Gabirondok irabazi zuen. Aspaldian ez zen horrelako lehiaketetan agertzen eta agertu denean irabazi egin du. Bera izan zen onena eta beretzat izan zen txapela. 

Bigarren postua, berriz, Irati Astondoarentzat izan zen. Bizkaitarrak ere oso lan ona egin zuen. Podiuma, berriz, Ainara Otamendik osatu zuen. Horien atzetik, Alaitz Imaz eta Ainhoa Galarraga sailkatu ziren. Guztira bost segalari lehiatu ziren emakumezkoetan. Asko ez izan arren, oso maila ona eman zuten lanean aritu ziren bost kirolariek.

Gizonezkoetan ere beste beterano batek jantzi zuen txapela. Bixente Mitxelena izan zen guztietan onena. Oiartzuarrak lan bikaina egin zuen, eta amaieran beretzat izan zen txapela. Igor Esnaolak ere lan ona egin zuen; estutu zuen oiartzuarra, baina bigarren postuarekin konformatu behar izan zuen. Koldo Artzelusek osatu zuen podiuma, hirugarren postua eskuratuta.

Julen Gabirondorengan ere bazeuden itxaropenak, baina berak laugarren postuan amaitu zuen neurketa. Atzetik, Andoni Urrutia, Mikel Garaialde, Mikel Alkorta, Pabi Astondoa, Enaitz Ibabe, Jon Otegi, Anjel Maguregi, Mikel Lizartza, Lander Otermin eta Arkaitz Sarasola sailkatu ziren. Jaialdia osatzeko, gazte eta gaztetxoen erakustaldia ere izan zen, eta itxura polita eman zuten. Datorren denboraldirako horientzat ere lehiaketa antolatzeko asmoa daukate.

Joan den urteko Europako Txapelketaren ostean, aurtengoan lasaiago hartu nahi izan du denboraldia Almitza Elkarteak, ligaren ordez egun batera saioa jarriz, baina bikain joan da dena.

Honi buruzko guztia: Sega