2016/10/14

Irungo taberna batean gertatzen ari diren jazarpen homofoboak salatu dituzte

Eskina Mosku tabernako jabeak zein langileek irainak eta mehatxuak jasaten dituzte egunero. Salaketak jarri dituzte, baina egoera ez da aldatu. Gehituk «urgentziazko neurriak» eskatu ditu hauek babesteko.

Oihane LARRETXEA|DONOSTIA
1014_eh_gehitu

Irungo Eskina Mosku tabernako langileek egunero jasaten dituzten «jazarpen homofobo errepikakorrak» salatu ditu Gehitu elkarteak. Azaldu duenez, egoera ez da berria, azken urteetan jazotzen ari dena baizik.

Duela hiru urte hartu zuen tabernako ardura Pablo Campok eta, aurreko jabeak bezala, irainak, mehatxuak eta jazarpenak pairatzen ditu bere orientazio sexualagatik; beste hainbeste gertatzen zaie langileei. Gertaera onartezinok kalean zein tabernan gertatzen dira, eta salatu egin ditu hainbatetan Campok, baina ez du egoera aldatzea lortu, Gehituk GARAri kontatu dionez. Elkarteak hain zuzen oharra plazaratu zuen atzo, «pertsona hauen segurtasuna bermatuko duten urgentziazko neurriak» eskatzeko.

Burnizko barrarekin ere mehatxatu dituzte, beldurtzeko, kikiltzeko asmoz. «Azkenean sarrera ukatzeko eskubidea indarrean jarri behar izan dute tabernan, baina horrek ere ez du egoera aldatzea lortu», diote Gehitutik.

LGTB komunitatearen eskubideak defendatzen dituen elkarteari deigarria egiten zaio, eta irmoki salatzen du, dagoen zigorgabetasuna. «Izugarria da zein inpunitaterekin egin daitezkeen irainak eta mehatxuak», kexatzen da. Gogorarazi duenez, gainera, ez da kasu ezohiko bat, eta orain gutxi Bilbon bi emakumek taberna batean jasan zuten bazterkeria gogora ekarri du. «Ez baita gertaera isolatu bat, azken hilabeteetan izan diren ezaugarri antzekoko eta benetan kezkagarriak diren gertaeren artean beste kapitulu bat baizik», dio oharrean.

Era berean, «pertsona hauek neurri baliagarrien ezak eraginda egunerokotasunean pairatzen duten normaltasun eta segurtasun eza» salatu du. Antza, Irungo Udalak bi kamera jarriko ditu inguruetan, segurtasuna bermatzen saiatzeko.