Aiert GOENAGA
ZURI-GORRIEN ORROAK

Sevilla-Betis

Gogoan dut Sevillako bi talde nagusiek jokatu behar zuten derbi baten atarikoan, lehen aldiz bi taldeetako zaleen adierazpenak entzun nituenekoa. Gehienek bizilaguna bigarren mailan ikusi nahi zuten eta inortxok ere ez zuen nahi albokoaren poztasuna. Baziren seme edo alaba beste taldeko jarraitzaile izanez gero herentziarik gabe utziko zutela baieztatzen zutenak ere. Eta ez ziren bromatan ari, amorraziotik zetozen hitzak ziren. Ondokoari zioten ezin ikusiaren fruitu. Telebistaren bestaldetik harri eta zur nengoen. Nola zen posible? Nola izan zezakeen norbaitek bere auzokidearekiko horrelako amorrua? Nola banandu daiteke familia bat sekula jaten emango ez dion txatxukeria batengatik? «Hauek ez dira naturalak» edo «a ze atzeratu kuadrilla» ziren burutazio nagusiak. Ezinezkoa iruditzen zitzaidan entzundako astakerietako bakar bat ere benetan sentitua zela pentsatzea. Are gutxiago garai haiek Euskal Hintxen garaiak zirela kontuan hartuta. Donostiako edo Bilboko alde zaharrean hasi eta Anoeta zein San Mameseraino bi taldeen zaleek elkarrekin jai giroan hiria zeharkatzen zutenekoa; derbia berezi futbol zelaian gertatzen zenak baino kanpoko giroak egiten zuenekoa.

Baina aspaldion euskal derbiekiko interesa galtzen joatea ezinbestekoa da futbol modernoaren zaleei esker. Derbi atarietan kaleko giroak ona izan eta zelaian elkarrekin nahastean irudi polit asko uzten jarraitu arren, bi zaleen arteko giroa nahastu nahi dutenak gero eta gehiago baitira. Edo gutxienez, gero eta bozgorailu gehiago dituzte, gure belarrietara nahi baino gehiago iristeko punturaino. Nekagarri, astun, penagarri. Gero eta «anti» gehiago daude bi bandoetan, gero eta fanatiko gehiago; arrazoia enegarren plano batean utziz. Albokoaren izena entzun eta pertsona bezala suposatzen zaizkion gutxiengo eta gehiengoen marra gorri guztiak hautsiz. Bere buruaren karikatura bat bihurtuz. Astelehen goizean bostetan joko duen iratzargailuaz ahaztuta. Munduaren jabeek diseinatutako masen sentimenduen kudeaketa estrategiko baten menpe. Ardi. Ultrakapitalismoaren ikur nagusi den diziplinaz itsututa. ‘‘Diario Vasco’’ edo ‘‘El Correo’’ bezalako panfletoetako hitzak garunean tatuaturik. Ardi larruz jantzitako otsoaren panfletoak hain zuzen. Zaleei aurtengo derbia «Oyarzabal kasua» dela-eta giroa nahastuta datorrela salduko dieten panfletoak. Irakurlearen barruko txarrena askarazi nahi duten berdinak. Realak Eibarri edo Athleticek Alavesi hiru jokalari fitxatzea normaltzat saltzen dutenak baina A8ko bi hiriburuen arteko mugimenduak ardi bazka bihurtzen dituztenak. Konpetizioaren kirol talkaz harago, zaleen talka bultzatu nahi dutenak. Honek bere ondorioak dituelarik.

Esate baterako, egunotan (derbi ostera arte) sare sozial eta egunkari digitalen foroetan irakurtzen ari garen eta irakurriko diren astakeriek duela urte asko Sevillako «atzeratu» haiei entzundakoen antzekoak dira; ñabarduraren bat gorabehera. Alegia, komentarioak irakurrita badirudi Athletic-Real Sociedad baino Sevilla-Betis bat dugula.