GARA
urruña

Ilargi arrantzan abiatu diren txotxongiloen bidaia magikoa

Maika Etxekoparrek eta Battitt Halsouetek zeruraino joan nahi duen itsas izarrari lagunduko diote «Ilargi arrantza» antzezlaneko bidaian. Kantuz, hitzez eta musikarekin bultzatuz, txotxongiloen atzean egongo dira igandean, 15.30etik goiti, Hazparneko Elgar gelan.

«Haurrentzako txotxongilo antzerki iniziatiko poetikoa» dela esanez definitu du Maika Etxekoparrek “Ilargi arrantza”. Poesia obraren hizkuntzetako bat da, baina ez da bakarra, umoreak ere espazioa hartzen duelako. «Umorea bereziki pertsonaien arteko harremanetatik heldu da, gizakien eta animalien artean ikusten da, maite ditugun marrazki bizidunetan atzematen ditugun bezalakoak», gaineratu zuen.

Umorea bereziki zozoaren pertsonaiak ematen dio obrari, Etxekoparren esku artean, itsas izarrarekin eta Piarres gizonarekin mintzatzen den bitartean. «Zozoaren pertsonaiarekin inprobisaketan aritzen ahal da, eta umore eta erotasun puntua eman, baina hori Battitten dekoratuetan ere atzematen da. Objektuak jatorrizko funtzioetatik ateratzen ditu eta beste bat ematen die», azaldu zuen aktore eta kantariak.

Battitt Halsouetek eginak ditu bai txotxongiloak eta bai dekoratuak, eta gehienak material zaharrak berrerabiliz eta birziklatuz. Antzezlan guztia mahai baten inguruan iragaten da, eta bertan hiru mundu agerraraztea lortzen dute, dekoratuen eta argiztapenaren bitartez. Itsas izarraren lehen etxea den urpeko mundua, Piarres gizonaren txabola eta azkenik zerua. «Edertasuna transmititzen dugu, bai istorioaren bitartez, baita objektuekin ere, hau da, nola gauza gutxirekin kontatzen ahal den istorio handi bat. Itxura handia ez duten objektuei bizia emanez», baieztatu zuen.

Obra bera hiru ataletan banatzen da: «Isiltasunetik hitzetara eta hitzetatik txipitasunera, zerura». Ur azpian animalien mugimendu eta dantza ikusten da, isiltasunean, itsas izarrak begiak lortu eta zeruko bere ahizpak deskubritzen dituenean. Bidaia horretan lurrera hurbildu eta Piarres eta zozoa ezagutzen ditu. Azkenik hirurak elkarrekin zerura abiatzen dira.

Giroa berotzen

«Haurrak eramanak dira bidaia horretan, istorioari lotzen dira, eta horri buruzko oharrak entzuten dira», azaldu zuen Etxekoparrek. Lau urtetik goitiko haurrentzat pentsatua den obra denez, antzezlana bera baino lehen aurkezpena egiten dute, umorea eta ikuslearen prestaketa tartekatuz.

Frantses bertsioa ere badu obrak, abiapuntu eta moldaketaren bigarren emaitza, “Pêche à la Lune”. Mundu osoko ipuinetan oinarrituta, Halsouetek Elisabeth Hermilekin batera sortu zuen. Itzultzean hainbat moldaketa egin zituzten: «Euskaratzeko momentua heldu zelarik nik ekarri nuen kanpoko begirada, aldaketak. Gero Marion Gardiek zuzendaritza egin zuen, begirada berri bat ere emanez».

«Aldaketak lehen bertsioaren zerbitzuan egin dira, eta horri fidela izan da, esentziara ekarri du», baieztatu zuen protagonistak. Emaitzarekin pozik, frantsesezko bertsioa euskarazkoa bezalakoa izateko moldatu dute orain Halsouetek eta Hermilek.