GARA

Juppe irabazle, eskuineko zazpien arteko primarioen lehen debatean

Heldu den urteko presidentetzako hauteskundeetan eskuinaren hautagai izateko sondeo-etxeen begikoa denak, hau da, Alain Juppe «moderatu zentristak», eskuineko zazpi lehiakideen artean egitekoak diren hiru debateetatik aurrena irabazi du iritzi inkesten arabera.

Ezkerrak bizi duen zatiketa eta gainbehera ikusita, analista askoren aburuz, primarioen prozesu honetatik aterako da hurrengo Frantziako presidentea. Alegia, bigarren itzulian Marine Le Pen aurkari izango duela ziurtzat jotzen da eta haren aurkako «barrikada errepublikanoak» funtzionatuko duenez, primario hauetatik aterako dela presidentea.

Sarkozy «eliteen kontra»

Aski izan zuen Juppek bere programa patxadaz azaltzearekin, gainerakoak Sarkozyren kontra nola oldartzen ziren ikusita. Ironikoa bada ere, haietariko asko elkarrekin gobernatutakoak dira.

Bere burua «eliteen aurrean, jendearen hautagaitzat» aurkeztu zuen, «gehiengo isilaren» bozeramaile gisa. Eta FNko boto-emaileei keinu eginez, «islam politikoaren» kontra egitera deitu zuen. Bere kontzientzia eta aurrekari judizialak «elurra baino zuriagoak» zirela esatera ausartu zen, tarteka, debateko asto makillatua zela zirudien presidente ohia.

Ameriketako Estatu Batuetako debateetan, batez ere guztiz lotsagarria izan zen azkenean ikusitakoa baino edukazio handiagoa izan bazuen ere, ez zen ideia eta proposamen berrien azalpenagatik nabarmendu.

Azaroaren 20rako aurreikusita dauden primarioak baino lehen, beste bi debate gehiago egongo dira. Eta kinielen arabera, zazpien artekoa izatetik Sarkozy-Juppe buruz burukoa izatera pasako dira.