Oihane LARRETXEA
USURBIL

Galdeketaren atarian, Usurbilek bozkatzera deitu du

«Erraustegia egitea nahi duzu?» izango da ostiraletik igandera Usurbil eta Zubietan egingo den galdeketaren mamia. Parte hartzea sustatzeko «lipdub» bat grabatu zuten atzo herritarrek; beraiek hartu dute Udalari hautetsontziak jartzeko ukatutako eskumena.

Madrilgo Gobernuko Ministro Kontseiluak Usurbilgo Udalari erraustegiaren inguruko galdeketa egiteko hautetsontzia «lapurtu» ostean, herriak berak hartu du lekukoa eta azpiegituraren inguruan galdetuko die herritarrei. Hain zuzen, ostiraletik igandera bitartean Usurbilen bertan eta Zubietan egingo den galdeketan parte hartzeko deia zabaltzeko lipdub bat grabatu zuten atzo Usurbilen Erraustegia Erabakia plataformak antolatuta.

Aurreikuspenak gaindituta, oso harrera beroa jaso zuen deialdiak. Maialen Iñarra eta Patxi Azpirotz bozeramaileek GARAri azaldutakoaren arabera, garrantzitsuena jendea aktibatzea da, parte hartzea sustatu eta ahalik eta jende gehiena bertaratzeko iritzia ematera. «Gaur frogatu dugu hemen herri bat badagoela, eta hitza baduela», iritzi zuen Iñarrak.

Hain zuzen, grabaketan bertan irudikatu zen debekuaren seinalearen apurketa eta gutun azal batek zeharkatu zituen kaleak, «oztopo eta zentsuren gainetik» usurbildarrek badutelako zer esan. Erraustegiak osasunean izan dezakeen eraginak kezkatzen ditu, baina ez da hori ardura bakarra. «Hemen adierazpen askatasunaz ere ari gara. Hutsaren hurrengoa izan da. Zergatik ez digute galdetzen uzten? Non dago demokrazia?». Gipuzkoako Aldundiaren jarrera ere kritikatu zuten.

Atzo ehunka bizilagunen laguntzaz grabatutako lipdub-a ostiralean eskainiko dute herriko plazan, galdeketaren lehen egunean, baina sare sozialen bidez ere zabalduko da.

Hautetsontziak igandean itxiko dira, 20.00etan, eta jarraian ekingo diote boto kontaketari. Emaitza, «dena delakoa dela», Donostia eta Usurbilgo udaletara eta Gipuzkoako Foru Aldundira eramango dute, azaldu zutenez. «Errespeta dezatela», eskatu dute.

Herritarren artean ere antzeko iritziak ziren nagusi. Batek ohartarazi zuenez, «herriak ez du amore emango. Dagoeneko hainbatetan erakutsi du prest dagoela, baita Udalaren lekukoa hartzeko ere, galdeketarekin gertatu den bezala».

Erraustegiaren epeak aurrera doazela ikusita, kezka ere agertu zuten, baita sumatzen duten «gardentasun falta» dela-eta.