GARA
DONAPALEU

Arberatzeko MFA enpresako langileek greba mugagabean jarraitzen dute

Joan den ostegunean Nafarroa Behereko herrian dagoen MFA enpresako langileek greba mugagabeari ekin zioten; besteak beste, beren soldaten eta lan hitzarmenaren egokitzapenak eta formakuntza plangintza erreklamatzen dute, irailaren hasieratik zuzendaritzarekin zeramaten negoziazioa apurtu ostean.

Langileen ordezkariek hartu- eman horiek etetea erabaki zuten «zuzendaritzak bere engaiamenduak ez zituelako errespetatzen» eta «onartezina» delako lansarien igoera soilik langileen erdiei aplikatu nahi izatea.

Trenbideetarako materiala ekoizten duen lantegia Arabako JEZ enpresaren filiala da eta 120 bat langile ditu. Gehiengo zabal batek (86) erantzun dio LAB sindikatuak egindako deialdiari. Atzo goizean grebalariek manifestazioa egin zuten Donapaleuko karriketan.