Arantxa MANTEROLA
BAIONA

Bordeleko epaileek LABen alde egin eta CGT-ren eskaerari ezezkoa eman diote

Enpresa txikietako hauteskunde sindikaletara aurkezten ez uzteko CGTk LABen kontra abiatutako bigarren prozesu judizialean, Bordeleko Instantzia Epaitegiak errefusatu egin ditu sindikatu frantsesaren eskakizunak. LABek nabarmendu du auzitegiak arrazoia eman diela eta espero du «jasandako eraso hori azkena» izatea.

Bost aste barru enpresa txikietan sindikatuetako ordezkariak hautatzeko hauteskundeak hasiko direla-eta, LABi horietan parte hartzen ez uzteko, auzibideari ekin zion, bigarrengoz, CGTk. Hala, ostiralean Bordeleko Instantzia Auzitegiko epaimahai berri batek berraztertu zuen eskaera eta atzo jakinarazi zuen erabakia.

LABen hitzetan, epaileek «arrazoi osoa» eman diote. «Pozik gara. Espero dugu logika osoz eta normaltasunez hauteskundeetan presente izatea», esan zuen Eñaut Aramendik.

Sindikatu abertzalearen bozeramailea, halere, CGTk auzia bere horretan utziko ote duen ez da erabat fio: «Helegitea jartzeko hamar eguneko epea daukate eta hilabete hauetan egin dizkigun erasoak kontuan hartuta, erne gaude oraindik».

Aramendik gogorarazi zuen Pariseko Kasazio Auzitegiak arrazoia eman ziela irailaren 30ean: «CGTk bere horretan geratzeko edo auzi berria hasteko parada zuen eta bigarrena aukeratu zuen. Orain Bordeleko Instantzia Auzitegiak ere arrazoia eman digu. Uste dut erasoak gelditzeko garaia dela».

Galera denentzat

LABeko ordezkariak nabarmendu horrelako auziek denentzat galerak ekartzen dituztela: «CGTk galdu egin du eta hori onartu beharko luke. LABek ere energia eta diru asko galdu du gorabeherotan. Prozeduran jada 10.000 euro xahutu ditugu. Hauteskundeetara aurkeztuko garen sindikatuak bakean uzteko garaia da, eta, besteek egin dezaketen moduan, guri ere gure kanpaina egiten utz diezagutela eskatzen dugu».

LABen aurka bezala, Korsikako STCren aurka CGT ez ezik, CFDT, CGT, FO eta CFTC sindikatuek auzi berri bat abiatu dute. Epaiketa ostiralean izango da.

Bitxikeria gisa, gaur bertan CGTk «askatasun sindikalaren aldeko» mobilizazioak egingo ditu Estatu osoan. Baionan ere elkarretaratzea egingo dute, suprefetura aitzinean, 12.30ean. Hainbat afiliaturen aurkako auziak direla-eta, ekintza sindikalaren aurkako «kriminalizazioa» salatu nahi dute «beste diskriminazio mota» bat delakoan.