GARA
JERUSALEM

Israelgo Poliziak emakume palestinar bat hil du Sukkot jai juduaren erdian

Israelgo segurtasun indarrek Rahiq Shaji Birawi 23 urteko emakume palestinarra hil zuten atzo tiroka Nablusetik gertu dagoen kontrol batean, polizia bati eraso egin nahian zebilela, Tel Avivek adierazi duenez. Sukkot jai juduak Zisjordaniako bideak itxita ditu egunotan.

Rahiq Shaji Birawi gaztea Asira al-Shamaliya herrikoa zen. Zaatarako kontrol militar batean egin zioten tiro, ustez polizia bati labanaz eraso egiten saiatu zelako, indar okupatzaileak eman duen informazioaren arabera.

Luba al-Samri Israelgo Poliziaren eledunak agiri baten bitartez jakinarazi zuen Birawi Mugako Poliziako agenteengana hurbildu zela Tapuaj izeneko bidegurutzean. Hasiera batean tiro egin zuten zerura, gazteak jarrera alda zezan, baina palestinarrak ez zien jaramon egin eta labana atera zuen. Orduan berari egin zioten tiro, «neutralizatzeko». Al-Samrik hasiera batean esan zuen emakumea hilda zegoela zirudiela, eta handik pixka batera baieztatu zen horrela zela.

234. hildakoa

Israelgo soldaduek eta kolono juduek iazko urriaz geroztik hiltzen duten 234. palestinarra da Birawi. Israelek okupatuta dauzkan lurralde palestinar guztietan izan dira tankerako gertaerak, baina palestinarrak ez datoz bat Tel Avivek eskaintzen duen bertsioarekin.

Kasu batzuetan hildako palestinarra israeldarrei eraso egiten saiatu zela baieztatu bada ere, beste askotan segurtasun indarrek ustezko erasotzailea hil izan dute susmo hutsetan oinarrituta.

Giza eskubideen aldeko taldeek salatu dute Israelgo segurtasun indarrek palestinarrak hiltzeko agindua izaten dutela, nahiz eta ustezko erasotzaileak inolako mehatxurik ez suposatu ez polizientzat ez soldaduentzat ez gainerako israeldarrentzat. Beraz, pertsona hori hil gabe atxilotzeko aukera bazuten uniformedunek, baina inpunitatea nagusi denean, errazagoa da tiro egin eta palestinarra hiltzea.

Kontrol militarretan palestinar asko hil dituzte azken urteotan. Zaatarakoan, dagoeneko hiru hildako zenbatu dituzte.

Palestinarrek, mugitzerik ez

Atzoko gertaera ulertzen lagundu dezake Zisjordanian eta Jerusalem hiriko ekialdean egunotan duten giroa azaltzeak. Sukkot izeneko jai judua dela-eta, palestinarren mugimenduak erabat mugatu dituzte okupatzaileek, segurtasunaren izenean.

Sukkot, Kabinen jaia edo Tabernakuluen jaia, jaialdi judu biblikoa da, tishrei hilabetearen 15ean ospatzen dutena. Hori dela-eta, Israel osoan eta lurralde okupatuetan etxola txikiak eraikitzen dituzte, bertan jan, edan eta otoitz egiteko. «Etxolatan zazpi egun egingo dituzue, zuen belaunaldiek jakin dezaten Israelgo seme-alabak dendetan bizitzera behartu nituela Egipton askatu ondoren», esan omen zien Jainkoak juduei, Bibliaren arabera. Gaua etxolatan sartuta pasatzen dute gizonek, eta emakumeek, umeak zaintzen.