Idoia ERASO
URRRUÑA

«Eresoinkaren itzalak» gurera dakar 1937ko izpiritu artistikoa

Dantzaz konpainiaren egitasmoarekin bat eginez Kea abesbatzak eta Inesfera artista plastikoek «Eresoinkaren itzalak» obra osatu dute, eta bihar Angeluko Quintaou gelan ikusi ahal izanen da lehen aldiz. Donostia 2016 Kultura Hiriburutzak babestutako proiektu honek 1937an Jose Antonio Agirreren nahia gauzatuz sortu zen «Eresoinka» kultur egitasmoaren itzala izan nahi du. Orduan bezala euskal kantuek eta dantzek irudiekin egingo dute bat.

gara-2016-10-20-Noticia

Artearen edertasunak mezuaren sakontasunarekin bat egiten du “Eresoinkaren itzalak” ikuskizunean. Dantzaz konpainiako hamahiru dantzariak, Kea abesbatzako kantariak eta Inesferako artista plastikoak agertoki gainean jarriko dira, 1936ko gerraren garaiko ideiak gaur egungo errealitatetik irakurtzeko.

«Gure erronka zen Agirrek izan zuen izpiritua baliatzea gaur hemen bizi dugun egoera hori erakusteko. Erbestealdiko lehen urteetan artea eta kultura erabili zituen egoera politiko eta soziala erakusteko, horrelako ideia izatea oso potentea izan zen. Gure gatazka hemen eta mundu mailan kontzeptualizatu nahi izan dugu, gure nortasuna kolokan dagoen momentu honetan», azaldu du Fernando Saez de Ugartek, Dantzaz konpainiako zuzendari orokorrak.

«Totalitarismoa, diaspora, immigrazioa, gatazka, nortasuna...» gaur egun eta Agirreren garaian gai hauek hartzen dira abiapuntu eta proiektua osatzen dute. Egitasmoaren oinarrian ere atzeman daiteke errealitate hori, “Eresoinkaren itzalak” lanaren nukleoa den Martin Inthamoussu koreografoan hain zuzen ere. Artista uruguaitarra, euskal diasporaren parte da, eta euskal kultura familia eremuan bizi izan du beti, eta orain hurbildu da lehen aldiz Euskal Herrira.

Agirrek sustatu zuen “Eresoinka” obra gaur egun Donostia 2016 Europako Kultura Hiriburutzak sustatu duenarekin alderatuta, zuzendariak zera ondorioztatu du: «Gu ez gara Europara joaten gure kultura erakustera, baina gurera ekartzeko deitu dugu, eta koreografoarekin berdin egin dugu».

Koreografoaren lana oinarrizko ideiak musika, dantza eta arte plastikoen bitartez taula gainean ezartzea izan da. «Kontzeptualizatzea da gure erronka, oso narratiboak izan gabe, abstrakzioa eta poesia erabilita. Emozioekin lotu nahi dugu publikoa», baieztatu zuen zuzendariak. «Dantza garaikidea ez da istorio bat, beste modu batez kontatzen da, badago zuzentasuna».

Hamabi kantuz lagundutako hamabi eszena daude. Horien hautaketan KEA abesbatzako Enrique Azurzarekin aritu dira elkarlanean, koreografoak eszena bakoitzari eman nahi dion estiloarekin bat egiteko. Aldi berean hamabi kantariak espazioan ere kokatu ditu. Eszena ezberdinak osatzeko Ineferaren mapping-a baliatu du, irudi aski abstraktuak baliatuz. Opera agertoki gainean jartzea bezain zaila omen den obra honek Angeluko estreinaldiaren ondoren hitzordu gehiago izatea aurrikusia da.