Amalur ARTOLA
DONOSTIA

Japoniar kutsuz eta egitaraua indartuta abiatuko da Beldurrezko Zinema Astea

Japoniako zinemaren bidez bestelako begirada bat ekartzea izango da aurten Donostiako 27. Fantasiazko eta Beldurrezko Zinema Astearen eginkizuna. Ekialdeko filmez gainera, urriaren 29tik azaroaren 4ra bitartean ohiko generoko film lehiaketak, erakusketak, antzerkiak, topaketak eta beste hainbat ekintza izango dira. Irekiera ekitaldiak KonitxiWalk izena hartuko du aurtengoan: «kumadori» makillajerik ez da faltako ohiko munstroen ibilaldian.

“Japonia” eta “transbertsalitatea” izan ziren Fantasiazko eta Beldurrezko Zinema Astearen 27. edizioaren aurkezpenean gehien erabili ziren hitzak. Transbertsalitatea, filmen emanaldiez gainera erakunde ezberdinen arteko lankidetzari esker aurtengo egitarauak erakusketak, antzerkia, hitzaldiak, ekintza bereziak eta Donostiaz kanpoko ekimenak ere hartuko dituelako barnean. Eta “Japonia”, aurtengo edizioan ekialdeko zinemaren erreferentziarik ez delako faltako: hasi irekiera ekitalditik, pasatu Japoniari eskainitako ziklo berezi batetik eta ekialdeko sei zinema zuzendariren bisitaldiraino.

«Japoniak beti izan du bere tartea gurean, baina aurten askoz gehiago», azaldu zuen Josemi Beltran jaialdiaren zuzendariak, hilaren 29an egitaraua irekiko duen filma Shinji Higuchi-ren “Shin Godzilla” izango dela iragartzeaz batera. Horrez gainera, Higuchi bera eta Koji Shiraishi (“Sadako vs. Kayako” aurkeztuko du), Tomoo Haraguchi (“Kibakichi”), Noboru Iguchi (“Damager”), Yoshikazu Ishii (“Game Master/Geemu masutaa”) eta Minoru Kawasaki (“Kaijyu Mono”) zinema zuzendari japoniarrak ere Donostian izango direla iragarri zuen. Euren filmak aurkezteaz gain, hilaren 30ean San Telmon egingo den “Fantasiazko Japonia, XXI. mendea” mahai-inguru berezian ere hartuko dute parte sei zuzendariek. «Japoniako B Serieko zinema independenteenetik hasi eta zinema komertzialerainoko espektroa ordezkatzen dute, interesgarria izango da ematen duten ikuspegia», nabarmendu zuen Beltranek.

EU-Japan Fest fundazioari esker Japoniako zinemari eskainitako zikloa ere izango da eta, nola ez, Beldurrezko Zinema Astea kalera ateratzeko urtero egiten den saiakerak ere kutsu japoniarra izango du 27. edizio honetan: irekiera egunean, hilaren 29an, KonitxiWalk ekimena garatuko da Bulebarreko kioskoaren bueltan. 16.00etatik aurrera, Japonia tradizionaleko mito eta kondairetan oinarritutako ekintzak izango dira. Ez dira faltako “kumadori” makillajea, txotxongiloen teatroa eta etorkizuna iragarriko duen “Nahien zuhaitza”.

Euskararen presentzia

Sekzio ofizialari dagokionez, «zonbi asko, Martitzeko labezomorroak, naziak, top model arriskutsuak, gorea...» aurtengo edizioan «denetik» izango dela nabarmendu zuen Beltranek. Guztira 21 film lehiatuko dira film luzeen atalean, horietatik bi Euskal Herrian eginak: Haritz Zubillagaren “El ataud de cristal” (Sitgesen saritua) eta Roberto San Sebastianen “La noche del virgen” (estreinaldia). Itxiera ekitaldian, azaroaren 4an, Daniel Scheinert eta Dan Kwan estatubatuarren “Swiss Army Man” emango dute, lehiaketaz kanpo. Film laburren lehiaketak, ohi bezala, hiru atal izango ditu: nazioarteko atala (14 labur), animazioa (9 labur) eta estatuko atala (8 labur, tartean Kepa Sojoren “Hileta” eta Norma Vila bilbotarraren “Jules D.”).

Aipatzekoa da aurten jaialdiak Donostiako mugak zeharkatu eta Zumarragako Zelai Ariztin (azaroak 5-6) eta Irungo CBAn (azaroak 10-11) zenbait emanaldi izango direla.

Hitza hartuta, Donostia Kulturako zuzendari Jaime Otamendik jaialdian euskararen presentzia indartu dadin egin duten «ahalegin berezia» izan zuen hizpide. Zehazki, euskaraz helduentzat hamalau emanaldi eta haurrentzat bi (Agurtzane Intxaurragaren “Teresa eta Galtzagorri” eta Heiki Ernits eta Janno Poldmaren “Lotte eta harri bitxien sekretua”) egingo direla iragarri zuen eta, horretaz gainera, programazioari antzerkia ere batuko zaiola nabarmendu zuen: “Bihotz salataria” antzezlana eskainiko dute azaroaren 4an, Victoria Eugenian.

Azkenik, erakusketek ere garrantzi berezia izango dute 27. edizioan. Sei izango dira orotara, horietako bat Donostia 2016rekin elkarlanean sortua: «Ekarpen berezia egin nahi izan diogu Beldurrezko Zinema Asteari –azaldu zuen Hiriburutzako zuzendari Pablo Berasteguik– eta Donostiako misterio ezberdinen gainean egiten ari garen ikerketa lan batetik abiatutako erakusketa osatu dugu». “Misterioaren Faroa” San Jeronimoko kriptan egongo da. Horrez gainera, Star Trek-en gaineko erakusketa (Okendo K.E.), Julen ribasen “Euskadi Fantastikoa” (Liburutegi Nagusia; ostean, Irungo CBAn ere egongo da ikusgai), Fernando Mircalaren “Poe ebakitzen” (Fnac), Judas Arrietaren eta Harkaitz Canoren “Momotaro (Kamishibai)” eta “Japanese Horror Story” erakusketa kolektiboa (Kutxa Kultura Plaza, Tabakalera) ere ikusi ahalko dira jaialdian zehar.