GARA
BILBO

Unibertsitate ikasleek manifestaziora deitu dute azaroaren 24rako, Leioan

Azaroaren 24an erretoretzarako hauteskundeak izango dira EHUn eta, egun horretan bertan manifestazio nazionalera deitu du ikasle mugimenduak, Leioan, “Ikasle borrokaz gurea eraiki!” lelopean.

Agerraldi jendetsua egin zuten atzo Leioako campusean mobilizazioa iragartzeko, eta, bide batez, ikasle mugimenduak aurrera daramatzan borroka desberdinen berri eman zuten: «San Mamesen, larunbatetako azterketekin amaitzera goazela ozen diogu; Sarrikon, euskarazko gradu bikoitza baldintza duinetan ikasteko eskubidea dugula; Ibaetan, material eskolarrak doakoa izan behar duela; Leioan zein Gasteizen, ez dugula segurtasunaren izenean kontrolatuak egon nahi; Nafarroako Unibertsitate Publikoan tasak altuegiak direla; eta aski ezaguna zaigu ere, Medikuntzako ikasleon euskaraz bizi, ikasi eta sendatzearen aldeko borroka», laburbildu zuten.

Edonola ere, nabarmendu zuten, baita ere, «arazoa ez dela konponduko irenstera behartu gaituzten eduki guztia euskaraz dagoenean edo larunbatetan azterketarik egin behar ez dugunean; arazoa askoz sakonagoa da eta konpondu ahal izateko sustraietara jo behar dugu». Ildo honetan, gogoratu zuten «sistema kapitalistak bizirik dirauen bitartean» hezkuntza ez dela inoiz «herri langilearen mesedera egongo», eta horri aurre egiteko bidean, «A24an Leioako campusa ikasle haserrez beteko» dutela iragarri zuten.