J.L.
Harri-zulatzea

Ereñok Euskal Herriko Txapelketa irabazita amaitu du denboraldia

Aurreikuspenak bete egin ziren atzo Gernikan jokatu zen Euskal Herriko Txapelketan, eta Ereñok irabazi zuen txapela. Talde honek egin duen denboraldia ikaragarria izan da. Lehendik Euskal Herriko Liga irabazia zeukan, eta atzo denboraldia Euskal Herriko Txapelketa irabaziz amaitu zuen.

Final hau abuztuaren 15ean zen jokatzekoa Gernikan bertan, eta jokatzen hasi ere egin ziren, baina ekaitza sartu, eta bertan behera utzi behar izan zuten orduan. Araudia betez, berriro hasieratik hasi beharra zegoen, eta atzo jokatu zen leku berean. Eta orduan bezalaxe, atzokoan ere jendeak erantzun handia eman zuen, jendetza handia batu baitzen finala ikusteko. Talde bakoitzak ordu erdi izan zuen lanerako, eta tarte horretan zulorik gehien egiten zuenak irabazten zuen.

Ereño oso indartsu agertu zen atzokoan ere. Gainerako lehiaketak amaitu zirela hilabete pasatxo zen, eta hor bazeuden zalantza batzuk, baina eurak ongi zeudela argi eta garbi utzi zuten atzo, amaieran zulo bateko tartea kendu baitzioten bigarren postuan amaitu zuen Aldai Alderi.

Azkenean, Ereñok 15 zulo, eta 2,2 zentimetroko markarekin lortu zuen txapela, eta Aldai Aldek, 14 zulo eta 2,4 zentimetro egin zituen. Podiuma Piratak taldeak osatu zuen, 12 zulo eta 3,3 zentimetroko markarekin.

Atzetik sailkatu ziren Burdin Gazteak (11 zulo eta 0,12 zentimetro), Kabiezes (11 zulo eta 0,1 zentimetro), Errekatxo (9 zulo eta 10,3 zentimetro), Gallarta (8 zulo eta 5,2 zentimetro) eta KZ Kopeka (4 zulo eta 5,2 zentimetro). Honekin amaitu da harri-zulatzaileen denboraldia. Udaberriarekin batera itzuliko dira.