GARA
IRUÑEA

Atxukarro eta Zubialderen euskal mitologiako ipuinak, orain ingelesez ere irakurgai

Bakarne Atxukarro eta Izaskun Zubialdek elkarlanean euskal mitologiaren gaineko hiru ipuin bilduma idatzi dituzte jada eta hirugarren alea, lehena bezala Asun Egurza barañaindarraren ilustrazioekin argitaratu dutena, ingelesez ere eskuratu daiteke dagoeneko.

Egileek ohar bidez gogora ekarri duten gisara, proiektua orain dela bi urte abiatu zuten eta 5.000 ale saltzeaz gainera Internet bidez 12.000 deskarga izan zituen. Bigarren alea Txalaparta argitaletxearen eskutik argitaratu zuten, eta orain datorrena hirugarrenaren ingelesezko bertsioa da, EHUrekin sinatutako hitzarmen baten ondotik argitaratu dutena. «Guretzat harrigarria eta pozgarria da benetan –ziurtatu dute autoreek–. Gure kultura txikien artean hedatzen laguntzen ari garela jakiteak pozten gaitu».