Josebe EGIA
ZIRIKAZAN

Beldurraren koktela

Neba urtebetez egon zen Mexikon bizitzen. Sao Paulon eskaini zioten hurrengo lana, baina berak ezetz erantzun zuen, nazkatuta zegoelako kalean egunero beldurra sentitzeaz, etxeko lau pareten artetik irten bezain laster. Euskal Herria sumatzen zuen faltan, gure karriketan lasai ibiltze hori, edozelan jantzita, edozein ondasun soinean. Lapur bortitzei zien beldur, haien labankadei, tiroei… gizonen begirada diru-goseti ilunei. Neu izan banintz, izu are latzagoa ere sentituko nukeen, emakume guztioi gutxi gorabehera nerabezarotik itsasten zaigun hori: gure kontrako sexu-indarkeria, mespretxuz eta gorrotoz blaitua. Mexikon zein Sao Paulon zein Euskal Herrian, biolentzia horrek ez baitauka herritartasunik, bi gauza baino ez dira berdinak munduko edozein txokotan: erasotzailea eta erasoa, gizon bat(zuk) eta emakume bat, hurrenez hurren.

Lehen zen horrela, eta egun ere bai. Lehengo neskatilek izu jakin hori zuten barneratuta, eta oraingoek ere bai, horretan belaunaldien arteko transmisioak ez baitu hutsik egiten, halabeharrez. Halaxe berretsi du egunotan aditzera emandako ikerketa batek, andrazkook eremu publikoetan sumatzen dugun beldurraren gainekoak. Are gehiago, badirudi beldur zehatz hori haziz doala, kale hutsez eta gauaz gainera elikatzaile gehiago daudelako gure jendarte moderno honetan, teknologia berriak eta edabe sofistikatuak, kasu. Horri erantsi inoizko informazio-bolumen handiena, informazio-iturri ugariena, ustezko askatasun orokortuena, eta horra hor prest paranoia nahiz beldur eragile perfektua: guztion artean ondutako neskentzako koktel berezia. Edan egiten dugu, gu babesteko onena delakoan, baina behar bezala ohartu gabe segurtasunaren errezeta hedatuak, horrekin dastatzen dugun zaporeak, gure burua txikiagotzera eramaten gaituela etxeko lau pareten artetik irten bezain laster. Beldurrak horixe dakar, leku guztietatik ahalik eta oharkabeen igaro nahia, azkar batean; ez du zerikusirik zentzutasunarekin, nork bere burua sen onaren arabera babestearekin, baizik eta ahuleziarekin.

«Beldurra beldurrari berari baino ez zaio eduki behar» izan beharko litzateke eremu publikoetan emakumeon segurtasuna bermatzeko saltzen ari zaizkigun errezetaren osagai nagusia, eta hortik aurrera bestelakoak erantsi beharko genizkioke, «kontuz!» murriztailea behin betiko baztertuta. Behin betiko barneratuta etxean zein kalean guk uste baino indartsuagoak garela.